Emakumeenganako zapalkuntzen kontra antolatzeko deia egin du Itaiak

Maialen Etxaniz eta Aitziber Arzallus 2023ko mar. 8a, 20:45

Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki lelopean, manifestazioa egin du Itaiak. Ekitaldirik jendetsuena hori izan den arren, ez da izan gaur arratsaldean Martxoaren 8aren harira herrian egin den gauza bakarra. 

Martxoaren 8ak askorako eman du Azpeitian. Goizean ikasleak izan badira Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako jardueretan protagonistak, arratsalde partean, ikasleek ez ezik, helduagoek izan dute lekurik.

Ikasle Abertzaleek antolatuta, eguerdian Azoka Plazan bazkaria egin dute ikastetxe guztietako ikasleak, eta arratsaldean bingo musikatuarekin eta kontzertu akustikoarekin eman diote jarraipena hitzorduari, 19:30ak arte, ordurako deitua baitzuen Itaiak manifestazioa, Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki lelopean. Horixe izen da eguneko ekitaldirik jendetsuena.

"Emakume langileen zapalkuntza lehen lerroan jartzeko eta eta horren aurrean emakumeak antolakuntzara batzeak duen garrantzia azpimarratzeko" mobilizatu da Itaia. Emakumeen antolakunde sozialistako kideek adierazi dutenez, "telebistak, irratiak, alderdi politikoek eta instituzioetako bozeramaileek", besteak beste, "ustez gero eta feministagoa den gizartea" irudikatzen duten arren, "aldaketa gutxi" izan direla uste du Itaiak: "Egoerak okerrera egin du. Emakume langileon egunerokoan aldaketa gutxi ikusi ditugu, eta emakume askoren bizi baldintzek okerrera egin dute". 

Zentzu horretan, erakundeetako politikak jarri dituzte jomugan: "Instituzioek berdintasunaren aldarrikapena bere egin badute ere, ez  dute zapalkuntzarekin amaitzeko borondate errealik erakutsi. Instituzioetatik, ez zaio emakume langileon problematikari heldu. Parekidetasun legea bezalako neurriak, goi postuetako emakumeen eskubideaz arduratzen dira batez ere, eta Martxoak 8 bezalako borroka egun bat ospakizun bilakatu nahi dute". Enpresariengan ere jarri dute fokua: "Gobernuetatik proposatzen diren legeek emakume langile asko eta asko bazterrean uzten dituzte, eta enpresariak emakume langileon esplotazio basatiaz aberasten jarraitzen dute". Era berean, gaineratu dute, "atzeraldi ekonomikoak zuzen-zuzenean" eragin duela emakumeengan: "Atzeraldi ekonomikoak emakume langileon bizi baldintza are gehiago okertzea eragin du, hor daude egiturazko pobrezia, instituzioekiko dependentzia ekonomiko handiagoa, indarkeria matxista kasuen gorakada eta gogortzea, gure gorputzen aurkako sexualizazioa...". Komunikabideen jarrera eta emakumeenganako indarkeriaz hitz egiteko modua ere salatu du Itaiak, aipatuz "isildu edo manipulatu" egiten direla  "prostituzioa, zaintzaileen egoera edo etxeko langileen salerosketa" bezalako auziak. 

Testuinguru politiko eta ekonomiko honetan, "bi aukera" daudela adierazi du Itaiak: "Elite ekonomikoaren menpeko gizartea eta horrek dakarren bizi baldintzen okertzea onartu edo haien iruzurrari aurre egin eta emakume langileok askatuko gaituen gizarte sozialista eraiki". Emakumeen antolakunde sozialistatik norabide horretan lanean jarraituko dutela adierazi dute: "Gaurdanik hasi behar dugu norabide horretan lanean. Hau da, klaserik gabeko, eta horren ondorioz zapalkuntzarik gabeko gizartea eraikitzeko baldintzak eraiki behar ditugu. Antolakuntzaren baitan garatzen ditugun borroka prozesuen eta sortzen ditugun tresna propioen baitan zapaldu ororentzat espazio seguruak lortu behar ditugu; zapalduen aurkako eraso guztiei erantzunez, eta horretarako bitartekoak sortuz. Hori guztia lortzeko emakume langileok subjektu politiko izan behar dugu, horretarako ditugun oztopoei aurre egiteko bitartekoak sortuz". 

Beste hainbat ekimen

Baina horiek ez dira izan gaur Azpeitian gauzatu diren ekimen bakarrak. 18:00ean, Foru Ibilbideko udal aretoan, erakusketa ireki du Fatiha Hajji Babak. Martxoaren 19a arte ikusgai izango da erakusketa, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.

19:30ean hasita, berriz, emakumezkoen pilota jaialdia izan da Izarraitz pilotalekuan. 2023ko Euskal Herriko Ezker Paretako Kluben arteko txapelketaren finalak jokatu. Lehendabiziko partidan, eskuz binakako Ohorezko Mailakoan, Aldai eta Gaminde (Lea Ibarra A) Larrarteren eta Erasunen (Behar Zana) kontra aritu dira. Bigarren partida, berriz, zesta puntako Ohorezko Mailako finala izan da: Mugartegi-Lejardi (Markina A) eta Gogenola-Aldazabal (Berriatua) lehiatu dira txapelaren bila.