Artemisia Gentileschiren koadroan oinarritutako horma irudia, Martxoaren 8aren bueltan

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 8a, 12:34
Pintura ikasten duten hainbat neskak egin dute horma irudia, plazan. (Maialen Etxaniz)

Judith eta Holofernes koadroan oinarritutako murala da plazan agertu dena. Pintura ikasten duten hainbat neska gaztek egin dute horma irudia, gaur Martxoaren 8a dela kontuan hartuta. Interpretazio ugari izan ditu Artemisia Gentileschiren koadroak. 

Horma irudi bitxia agertu da gaur, Martxoak 8, Azpeitiko plazan. Artemisia Gentileschiren (Italia, 1593–1656) Judith eta Holofernes koadroan oinarritutako murala da plazan agertu dena. Goizeko lehen ordutan jakin-mina piztu du muralak, ez baitzegoen irudiaren egilearen arrastorik. Urola Ikastolan pintura ikasten duten Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako hainbat neskak sortu dute horma irudia, gaur Martxoaren 8a dela aprobetxatuta. Ostiralean emango dizkiote azken pintzelkadak eta orduan amaituko dute xehetasunez.

Irudikatu duten koadroak nahiz hura margotu zuen artistak, Artemisia Gentileschik, historia gogorra gordetzen dute; izan ere, Artemisia Gentileschik bortxaketa eta indarkeria jasan zuen. Gentileschi Erroman jaio zen. Bere aita Orazio Gentileschi ere artista zen, eta, Artemisia margolariz eta eskultorez inguratutako familia batean hazi zen Errenazimentuko azken hondarretan. 16 urterekin aitarengandik ikastea erabaki zuen, nahiz eta garai hartan pentsaezina izan emakume batek lanbide horretan jardutea. Artemisiak 19 urte zituela bortxatu zuen haren maisu izango zenak, Agostino Tassi pintoreak. Gainera, epaiketan torturatu egin zuten, egia edo gezurra esaten ari zen jakiteko. Ordutik aurrera bere obra goitik behera aldatu zen, eta iluna bezain bortitza izan zen Gentileschiren lana. Aipatu izan da haren obrak bortxatzailearen aurkako mendekuzko fantasietan oinarritu zirela. Era berean, feminismoari aurreratutako artistatzat ere hartu izan da, diotenez, Judith edo Susana bezalako pertsonaia biblikoak patriarkatuaren aurkako borrokaren sinbolo gisa hartu baitzituen koadroetan.

Azpeitiko plazan egin duten muralean Judith eta Holofernes koadroa irudikatu dute. Ez dute koadroaren azalpenik jarri irudian, baina haren gainean QR kode pare bat jarri dituzte koadroaz nahiz artistaz gehiago jakin nahi dutenentzat. Historialariek Judith eta Holofernes lanari buruzko interpretazio biografiko asko egin dituzte. Bortxatu eta denbora gutxira margotu zuen Gentileschik Judith eta Holofernes koadroa. Konposizioan eta ekintzaren deskribapenean, indarkeria agerikoa da, eta sinbolikoki bortxaketa baten epaitzat har daiteke. 

(Maialen Etxaniz)