Martxoaren 8ko adierazpena aho batez onartu du udalak

Julene Frantzesena 2023ko mar. 8a, 09:07
Udaletxearen etxaurrea.

Atzoko udalbatzarrean izan zuten hizpide Martxoaren 8ko adierazpena, eta EH Bilduko eta EAJko ordezkariek aho batez onartu zuten testua. Besteak beste, zaintza eremuko langileen arteko elkarlan guneak sustatzeko, tokiko berdintasun politikak garatzeko baliabideak sendotzeko, emakumeen jabetze prozesuak sustatzeko nahiz hezkidetza programak indartzeko konpromisoa hartu du erakundeak.

Azpeitiko Udalak atzo, asteartea, egin zuen martxoko ohiko udalbatzarra, eta besteren artean, Emakumeen Nazioarteko Eguneko adierazpena izan zuten hautetsiek hizpide. Hain zuzen ere, aho batez onartu zuten EH Bilduko eta EAJko ordezkariek adierazpena.

Besteak beste, zaintza eremuko langileen arteko elkarlan guneak sustatzeko, tokiko berdintasun politikak garatzeko baliabideak sendotzeko, emakumeen jabetze prozesuak sustatzeko nahiz hezkidetza programak indartzeko konpromisoa hartu du erakundeak. Gainera, Euskal Herriko Mugimendu Feministak abiatu duen dinamikarekin bat egin du erakundeak, eta Martxoaren 8ko deialdiak babesteaz gain, herritarrei horietara joateko deia egin die.

Honako hau da aurtengo Martxoaren 8aren bueltan Azpeitiko Udalak onartutako adierazpena:

"Beste urte batez, martxoaren 8an, emakumeei historikoki kendu zaizkien eskubideak lortzeko egindako borroka anitzen esanahia gogora ekarri eta aldarrikatu nahi dugu. Borroka horiek, zalantzarik gabe, emakumeen bizitzako hainbat arlotan aurrerapen handiak lortzen lagundu dute, eta emakumeen elkarteen eta mugimendu feministaren ekarpenik gabe ez ziratekeen posible izango. Norbanakoen, kolektiboen eta erakundeen arteko elkarlana da, nork bere eragin-eremutik abiatuta, indarrak batuz eta estrategiak partekatuz helburu bera izanik jomuga: emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea.

Gaur egun ere, bide luzea dugu egiteko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko, eta, horregatik, ezinbestekoa da emakumeen eguna aldarrikatzen jarraitzea.

Agerikoa da gaur egun gure herri eta hirietan berdintasunarekin gero eta sentsibilizazio handiagoa duten herritarrak ditugula, baina hala ere, badago bide horretan zer egina: eraso matxistek ez dute etenik gure gizartean; soldata arrakala gero eta nabariagoa da; sektore batzuen feminizazioak duen eragina nabarmena… Horren isla da zaintza arloa.

Zaintzen krisi batean murgilduta gaudela dioten ahotsak aspalditik datoz, eta toki ezberdinetatik. Pandemiak agerian utzi du feminismoa aspaldi aldarrikatzen ari zena: bizitza zaurgarria eta dependientea da. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Krisiaren azaleratzeak batzuengan eragiten duen paralisiaren aldean, mugimendu feministaren deiarekin bat egiten dugu. Diskurtso hutsaletatik, elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak ezarri eta eraikitzeko garaia da.

Herritar guztion bizitzek ez dute berdin balio gure herrian. Eta bizitza horien zaintza ez da modu berean egiten. Gogor salatzen ditugu zaintzarekin negozioa egin eta eskubidea merkantzia bilakatzen duten politikak eta enpresa kapitalistak. Zaintzaren merkantilizazio eta familiarizazioa da sustatzen den eredua, eta honek etxeko eta zaintza sektoreko langileen esplotazioa dakar. Sektorea desarautua batzuen kasuan, eta konbenio ezberdinetakoa besteen artean.

Egoitzetako zein etxez etxeko langileak, gehienak emakumeak, lan baldintza duinen aldeko borrokari heldu behar izan diote etengabe haien egoera hobetzen saiatzeko, ez baita etorri instituzioen partetik, pandemia ostean ere ez, berau erregulatzeko eta duintzeko inolako urratsik. Feminizatutako eta prekarizatutako sektore honek, zaintzen krisiaren erresoluzio sexistaren beste albo kaltea dira, askoren ahotan dagoen soldata arrakalaren eragile nagusietakoa.

Horregatik guztiagatik, Azpeitiko Udalak honako hau erabaki du:

  • Orain arteko aitzindari lanari jarraituz, zaintza lanean aritzen direnentzat gutxieneko formazio profesionala herrian bertan eskaintzen jarraitzeko konpromisoa.

  • Zaintza eremuko eragile desberdinekin elkarrizketa eta elkarlanerako guneak sustatzea.

  • Udalen Berdintasun-plangintzetan, espresuki azpimarratzea emakumeen ahalduntzea, zaintzaren balioa, eta horri dagokionez, gizonek duten erantzunkidetasuna.

  • Berdintasuneko tokiko politikak garatzeko eta generoa tokiko politika guztietan zehar-lerroa izateko erabiltzen diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak eta ekonomikoak sendotzea eta babestea.

  • Emakumeen jabetze prozesuak sustatzeko baliabideak indartzea, batik bat, Emakumeen Txokoaren bitartez. Emakume Txokoko zerbitzuak handitzea.

  • Hezkuntza komunitatearekin batera garatzen den hezkidetza programa indartzen jarraitzea eta horretarako baliabideak gehitzea.

  • Euskal Herriko Mugimendu Feministak abiatu duen dinamikarekin bat egitea, hasteko eta behin, Martxoaren 8ko deialdiak babestuz eta herritarrei bertaratzeko deia eginez. Hortik aurrera landuko den prozesuan eragile aktibo bezala parte hartzeko eta ardurak hartzeko konpromisoa adierazten dugu".