Domusa Teknik 40 MLK lasterketako ibilbidea ezagutzeko bi irteera antolatu dituzte

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 7a, 11:43
Iaz ibilbidearen lehen partea ezagutzeko egin zuten irteera. (Lagun Onak MB)

Bi zatitan egingo dute ibilbidea. Lehenengo irteera martxoaren 18an izango da, eta bigarrena, apirilaren 22an. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, eta bihartik aurrera izango dute horretarako aukera Lagun Onak MBren webgunean, bost euro ordainduta. 

Maiatzaren 6an izango da Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren bigarren edizioa, eta ibilbidea aurrez ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Bi irteera antolatu dituzte horretarako: martxoaren 18an egingo dute lehendabiziko zatia, eta apirilaren 22an, bigarrena. 

Hain zuzen ere, martxoaren 18an, Azpeititik Mandubiara arteko zatia egingo dute. 34 kilometro eta 2.000 metroko desnibel positiboa izango ditu parte horrek. 07:45ean jarri dute hitzordua herriko plazan, eta 08:00etan ekingo diote ibilbideari.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, erritmo ezberdinetan joango diren bi talde osatuko dituzte, eta ibilbidearen erdialdera anoa postu bat ere izango da. Hala ere, norberak behar duen jan-edana eta arropa egokiak eramateko eskatu diete parte hartzaileei. Mandubiatik Azpeitira buelta autobusez egingo dute, eta nahi duenak erabilgarri izango ditu Azpeitiko kiroldegiko dutxak. Goizean, ordea, kontsigna zerbitzurik ez dela egongo jakinarazi dute antolatzaileek.

Lehendabiziko irteera horretan parte hartu nahi dutenek, aurrez eman beharko dute izena Lagun Onak MBren webgunean, eta bihartik aurrera izango dute horretarako aukera, bost euro ordainduta.

Apirilaren 22an, berriz, Mandubiatik Azpeitira arteko zatia egingo dute, 31 kilometro eta 1.600 metroko desnibel positiboa izango dituen ibilaldia. 07:30ean anbulatorio aurrean jarri dute ordurako hitzordua.