Urdinduz Igeriketa Saria jokatuko dute apirilaren 1ean

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 7a, 10:28
Azpeitiko kiroldegiko igerilekua.

Aniztasun funtzionala duten igerilariek parte hartu ahal izango dute sariketan, eta dagoeneko eman dezakete izena. Federatu gabeko igerilarien saioaren ostean, 2022-2023 Igeriketa Egokituko Euskal Ligako lehenengo jardunaldia jokatuko dute.

Apirilaren 1ean, larunbatez, Urdinduz Igeriketa Saria jokatuko dute Azpeitiko kiroldegian. Aniztasun funtzionala duten herritarrek parte hartu ahal izango dute sariketa horretan, nahi duten guztiek, eta dagoeneko zabaldu dute izen ematea, lotura honetan.

Federatu gabeko igerilarien saio hori 09:00etan hasiko da, eta horren ostean, 2022-2023 Igeriketa Egokituko Euskal Ligako lehenengo jardunaldia jokatuko dute. Txapelketa bukatutakoan, parte hartzaileek mokadutxo bat egiteko aukera izango dute han bertan.

Apirilaren 2an Urdinduz 2023 eguna ospatuko dute Azpeitian, baina egun horretarako ez ezik, aurreko egun eta asteetarako ere hainbat ekitaldi eta jarduera antolatzen ari da Marea Urdina, beste hainbat eragileren laguntzarekin. Urdinduz Igeriketa Saria da horietako bat.