Aurtengo Domusa Teknik 40 MLK probarako emakumeen bosgarren eta azken entrenamendua egin dute

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 4a, 16:10

41 emakumek eta hamazazpi gizonek hartu dute parte eta festa giroan bukatu dute, hamaiketakoarekin eta zozketekin.

Gidaririk gabe eta parte hartu duten emakume kirolari guztiak "protagonista" direla. Horrela egin dute gaur Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileek emakumeei zuzenduta antolatu dituzten entrenamendu saioen bosgarrena eta, aurtengoz, azkena izan dena.

Aurrekoak bezala, jendetsua izan da entrenamendu saioa: 41 emakume eta hamazazpi gizon elkartu dira, datorren maiatzaren 6an bigarren aldiz egingo den probaren ibilbideko azken 11 kilometroak egiteko. Maiatzeko hitzorduari begira azarotik hilean behin egin dituzten saioak festa giroan agurtu dituzte, Sanagustin kulturgunean hamaiketakoa eta hainbat zozketa eginda.

Iazko azaroaren 5ean egin zuten emakumeei zuzendutako lehen entrenamendua, Malen Osa oñatiar lasterkariarekin; abenduaren 3an bigarrena, Sara Alonso gidari zutela; urtarrilaren 7an hirugarrena, Oihana Kortazarrekin; eta otsailaren 5ean laugarrena, Leire Martinezekin.

(Argazkiak: Alberto Beloki)