Martxoaren 25ean izango da Haur filosofia ikastaroko helduentzako saioa

Nerea Uranga 2023ko mar. 5a, 09:00
Haur filosofia modu ludikoan lantzeko saioetako partaideek egindako marrazki batzuk. (Argazkia: Jakinmin elkartea)

Modu ludikoan haur filosofia lantzeko saioak egiten ari da Jakinmin elkartea Azpeitian. Saio horiei lotuta, helduei zuzendutakoa izango da hilaren 25ean egingo dutena Basazabal formazio zentroan.

Jakinmin praktika filosofikoen elkartea haur filosofia modu ludikoan lantzeko saioak eskaintzen ari da haurrei. Urtarrilaren bukaeran hasi zituzten saio horiek. Martxoaren 25erako, berriz, helduei zuzendutako saioa antolatu dute, 11:00etatik 13:00etara artean, Basazabal formazio zentroan. "Irakasle, guraso, hezitzaile zein gaian interesa duten helduek haur filosofia ezagutzeko eta lantzen ikasteko hitzordua izango da", adierazi du Jakinmin elkarteak. Saioa doan da.

Saioaren edota ikastaroaren inguruko informazioa jaso edota izena eman nahi dutenek Azpeitiko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuarekin jarri beharko dute harremanetan 943-25 50 06 telefono zenbakira deituta edota hezkuntza@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita.

Haurren bi saio martxoan

Haurrentzako haur filosofia saioetako bi ere izango dira hil honetan. Martxoaren 11n eta 25ean izango dira, arratsaldez, Basazabal formazio zentroan.