Keinu hizkuntzaren interprete zerbitzuaz bilera egingo du udalak martxoaren 14an

Nerea Uranga 2023ko mar. 3a, 16:04

Keinu hizkuntza interpretearen beharra duten herritarrekin bildu nahi du Azpeitiko Udalak, haien ekarpenak, iritziak eta beharrak jasotzeko.

Gaur, martxoaren 3a, Entzumenaren Nazioarteko Eguna da, eta hori kontuan hartuta, Azpeitiko Udalak gorrentzako keinu hizkuntzaren interprete zerbitzua jartzeko asmoaren berri eman du. Zerbitzua hainbat herritarren eskariari erantzuteko helburuz abiatu nahi du erakundeak. Lehen saioa Adinekoen zaintzaren garrantzia jardunaldietan egin zuen udalak, eta orain zerbitzuarekin jarraitu nahi du.

Zerbitzuaren berri emateko eta ekarpenak jaso ahal izateko, bilera antolatu du udalak martxoaren 14rako (asteartea). 16:00etan izango da batzarra, udaletxeko bosgarren pisuan. Bilerara keinu hizkuntza interpretearen beharra duten herritarrak deitu ditu, haien beharrak, iritziak eta ekarpenak jasotzeko. Udalaren esanetan, "zerbitzu hau denontzako Azpeitia egiteko pauso bat gehiago izango da".