'Ehun udal eta hamaika gehiago' ekitaldia egingo du Uemak hilaren 25ean Soreasun

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 1a, 11:09
Soreasu antzokia. (Kulturaz kooperatiba)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) ekitaldi berezia egingo du martxoaren 25ean Azpeitian, mankomunitatea ehundik gora udal izatera iritsiko delako. Ekitaldiaren helburua da "udal horien guztien lana eta udalerri euskaldunen garrantzia nabarmentzea nahiz euskarari eusteko eta euskara biziberritzeko egindako ahalegina ikusaraztea eta omentzea". Dagoeneko eman daiteke izena ekitaldira joateko. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Ines Osinagak, Jon Maiak, Imanol Epeldek, Elene Carretok eta Ioar Labatek. EITBk zuzenean eskainiko du ekitaldia. 

Martxoaren 25a egun berezia izango da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearentzat (Uema). Hain zuzen, ehun udal izatera iritsiko da Uema, eta hori ospatzeko eta "udalerri euskaldunen ekarpena nabarmentzeko" ekitaldi berezia egingo dute hilaren 25ean, Soreasu antzokian, 11:00etan hasita. Uemak adierazi duenez, "udal horien guztien lana eta udalerri euskaldunen garrantzia ez ezik, euskarari eusteko eta euskara biziberritzeko herri honek egin duen ahalegina ikusaraztea eta omentzea da ekitaldiaren helburua". Dagoeneko eman daiteke izena ekitaldirako. Antolatzaileek aurreikusten dute Soreasu bete daitekeela, eta horregatik aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da.  Horretarako, nahikoa da labur.eus/uema100 helbidean izen-ematea egitea.

Ilaski Serrano eta Antton Telleria kazetariek aurkeztuko dute ekitaldia, eta oholtza gainean zuzenean ariko dira Ines Osinaga eta Estitxu Pinatxo musikariak, Elene Carreto eta Ioar Labat dantzariekin, Jon Maia bertsolari eta musikariarekin edota Imanol Epelde irakasle, musikari eta youtuberrarekin batera, besteak beste. Euskal Herriko erakundeetako zein euskalgintzaren ordezkariek ere hartuko dute hitza, eta ikus-entzunezkoak ere ez dira faltako. "Uemaren ibilbidea erakutsiko duen dokumental laburraz gain, Uemaren lanaz eta udalerri euskaldunen garrantziaz hitz egingo duten hainbat lagun ere ikusi ahal izango dira pantaila handian", aurreratu dute antolatzaileek. Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok itxiko du ekitaldia.

Era berean, jakinarazi dute, Uemako kide diren ehun udaletako alkateak eta zinegotziak ere gonbidatu dituztela ekitaldira: "Izan ere, ehun udal horiei aitortza egitea da ekitaldiaren asmoetako bat, euskararen biziberritzeari egin dioten ekarpenagatik eta herritarren aurrean euskara nabarmentzeko duten konpromisoagatik". 

Ekitaldia 11:00etan hasiko da, baina lehenago ezohiko batzar nagusia egingo du Uemak, Soreasun bertan, 09:45ean hasita. UEMAko kide diren udaletako alkateek etaordezkariek herri berrien eskaerak onartuko dituzte batzar horretan, eta orduan iritsiko da Uema 100 udal baino gehiago izatera. Gaur egun, 97 herrik osatzen dute Uema, eta Urola Kostako 11 herrietatik bederatzi daude bertan: Aizarnazabal, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Azpeitia 2008an sartu zen Ueman. Eskualdeko herri horiez gain, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako zein Nafarroako beste hainbat herri daude Ueman, eta guztien artean, 315.000 biztanleko lurgunea osatzen dute.

Ekitaldia, zuzenean ikusgai

Ehun udalen langa Uemarentzat "mugarria" izango denez, ekitaldia ere horren araberakoa izango da, eta hedabideetan ere izango du lekua. EITBk zuzenean eskainiko du ekitaldia. Berria egunkariak, bestalde, ekitaldiari buruzko eta Uema ehun udal baino gehiago izatera iritsi izanari buruzko gehigarri berezia argitaratuko du bezperan, martxoaren 24an.