Hauteskunde programa osatzeko herritarren ekarpenak jasoko ditu aurten ere Azpeitiko EH Bilduk

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 24a, 10:28
Azoka Plazan egin zuen agerraldia atzo Azpeitiko EH Bilduk, hauteskunde programa osatzeko prozesua aurkezteko. (Mailo Oiarzabal)

Inkesta bat prestatu eta Interneten jarri dute, nahi duten herritar guztiek erantzun dezaten. Bi astez izango da horretarako aukera. Ondoren, "inkestan jasotako emaitzak eskuan", herri batzarra egingo du koalizioak martxoaren 18an Sanagustinen.

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen programa osatzeko herritarren iritzia jasotzeko prozesua martxan jarri du Azpeitiko EH Bilduk. Atzo arratsaldean agerraldia egin zuten Azoka Plazan, horren berri emateko.

Duela lau urteko hauteskundeetan egin zuten ariketa errepikatu nahi du Azpeitiko EH Bilduk, Joanes Amenabar koalizio kideak azaldu duenez: "Duela lau urte hauteskundeetarako osatu genuen herri programa izan dugu agintaldi honetako ipar. Hura azpeitiarren ekarpenekin osatu genuen. Galdetegi bat zabaldu genuen, herritar guztiei erantzuteko aukera emanez, eta herri batzarra ere egin genuen asmo eta planei forma emateko. Aurten ere, osatzen ari garen programa erabat borobiltzeko, guk bezala, etorkizunari begira dagoen Azpeitia hobe eta justuago bat nahi dutenen ekarpenak jasotzea ezinbestekoa da".

Oraingoan ere inkesta edo galdetegi bat osatu eta sarean jarri dute, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko. Zugandik hasita, herri bat denontzat leloa jarri diote inkestari; lotura honetan sartuta bete daiteke, eta Uztarria.eus-en gaurtik jarriko duten bannerrean sartuta ere bai. "Ahalik eta herritar gehienen iritziak jaso" eta "herriaren erdigune eta ertz guztietara iritsi" nahi dute EH Bildukoek; "denon kezkak eta denon beharrak dira garrantzizkoak herri hobe baten bidean", diote. Inkesta berantzun nahi duten herritarrek bi asteko epean egin dezakete. Ondoren, "inkestan jasotako emaitzak eskuan", herri batzarra egingo du EH Bilduk martxoaren 18an, "denon artean forma ematen ahalegintzeko". Sanagustin kulturgunean egingo dute herri batzarra, 10:00etan.

Nagore Alkorta egungo alkateak eta maiatzaren 28rako EH Bilduren alkategaiak, datozen udal eta foru hauteskundeen garrantzia eta zita horri begira koalizioak duen gogoa azpimarratu zituen atzo. "Hamabi urte daramatzagu, herriarekin batera, aldaketa bultzatzen, eta bide horretan jarraitu nahi dugu. Ez gaude nekatuta, gogotsu eta indartsu gaude", adierazi zuen. EH Bilduk "herria hobetzeko norabidea, ideiak eta indarra" badituela dio Alkortak, baina hori dena "azpeitiarren parte hartzerik gabe posible ez" dela nabarmendu zuen Azoka Plazako agerraldian.