"Krisi energetikoari erantzuteko aterabide arduratsuak" izan dituzte hizpide Sarobek eta Etxeberriak Soreasun

Maialen Etxaniz 2023ko ots. 17a, 18:00

Krisi energetikoa eta aterabide arduratsuak izenburupean hitzaldia eskaini zuten atzo Goienerreko komunitate sustatzaile den Oier Etxebarriak eta Aitziber Sarobe biologoak. 101 Arrazoi egitasmoaren barruko bigarren hitzaldia izan zen atzokoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, 200 lagun inguru bertaratu zen solasaldira. Askotariko galderak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera izan zen solasaldia amaitzean. Sañu Bizirik taldekoek aurreratu dutenez, hitzaldia osorik ikusgai jarriko dute sarean datozen egunotan. 

"Urola bailaran ezarri nahi dituzten zentral eolikoak zergatik eraiki behar ez diren herritarrei azaltzeko", 101 Arrazoi egitasmoa jarri zuten martxan urtarrilean hainbat eragilek elkarlanean; hain zuzen ere, Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkunak, Azpeitiko Sokaitz eskalatzaile taldeak, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak, Zestoako Agiro Mendi Klubak, Oletan ere ez! taldeak eta Sañu Bizirik! taldeak. Egitasmo horren barruan antolatutako bigarren solasaldia izan zen atzo arratsaldean Soreasu antzokian. Hain zuzen, Krisi energetikoa eta aterabide arduratsuak izenburupean hitzaldia eskaini zuten Oier Etxebarria Goienerreko komunitate sustatzaileak eta Aitziber Sarobe biologoak. Besteak beste, "zentral eolikoek eragiten dituzten kalteak eta horien aurrean dauden bestelako alternatibak" jarri zituzten mahai gainean solasaldian zehar. Sañu Bizirik taldeak aurreratu du atzoko solasaldia osorik jarriko dutela ikusgai datozen egunetan Interneten. 

Sañu Bizirikeko kideek azaldu dutenez, "mamitsua" izan zen hitzaldia, eta krisi energetikoaren nahiz energia kontsumoaren ertz ugari ukitu zituzten solasaldian zehar. Haiek adierazi dutenez, Sarobek azaldu zuen, klima larrialdiaz harago, egungo gizartea "biodibertsitatean galera ikaragarria" jasaten ari dela. Horretan sakontzeko hainbat datu eta adibide partekatu zituen Soreasun elkartutakoekin. Lurrak mugitzearen kalteez ere aritu zen, eta aipatu zuen Piaspeko proiektuak Akoa inguruko lurretan "ikaragarrizko kalteak" eragingo dituela.

Era berean, aipatu zuen "oso antropizatutako" lekua dela Gipuzkoa. Lurraldeko mapa erakutsi zuen, eta azaldu zuen nola lurren %85 inguru antropizatua dela. Ustiaketarako basoak dira gehienak, ez baso naturalak. Aipatu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 300 biztanle daudela kilometro koadroko, eta elikadura burujabetza %4koa dela. Gai horretan benetako "krisia eta arazoa" dago, biologoaren hitzetan. Lurren balioaz ere aritu zen Sarobe, eta Ekindarri ere egin zion aipamena. Aipatu zuen Ekindar eraikitzeko baliatuko dituzten lurrak interes handikoak direla, "izan elikadurarako edo bestela", azaldu dute motzean Sañu Bizirik taldekoek. Sañoa inguruetan dagoen korridore ekologikoaz ere mintzatu zen zarauztarra: "Gazume eta Hernioko parke naturala, Aiako parke naturala eta Izarraizko parkea aipatu zituen; animaliek ezin badute batetik bestera ibili, korridore ekologiko horiek alferrikakoak direla adierazi zuen. Eskualdean eraiki nahi dituzten zentral eolikoak korridore horren erdian daude". Energiari dagokionez, Statkraften proiektua "dirua ateratzeko proiektua" dela adierazi zuen Sarobek; ez dela beharrak asetzeko egitasmoa. "Energia esportatzeko pentsatuta dago". Gipuzkoako datuak ere atera zituen argitara Biologian doktoreak. "Lurraldean zenbat zentral eraiki nahi dituzten azaldu zuen, eta erabat zalantzan jarri zuen Statkraften proiektua, aipatuz burujabetzarekin ez duela zerikusirik". 

Etxeberriak, bere aldetik, komunitate energetikoak sortzeko lan egiten dutela azaldu zuen. "Proiektu horietan energiaren nagusiak komunitateko bazkideak dira. Tokian tokiko energia baliabideak aprobetxatu bahar direla ere aipatu zuen Goienerrekoak, eta adibide gisa jarri zuen Oñatiko zentral hidroelektrikoa. Era berean, azpimarratu zuen "Goiener irabazi asmorik gabeko kooperatiba" dela, azaldu dute Sañu Bizirikekoek. "Altertibak egon badaudela ikusi zen atzo", azpimarratu dute. Energiaren kontsumoaz ere aritu ziren atzokoan. "Esaterako, Sarobek aipatu zuen baliabide naturalak agortzen ari direla, eta kontsumoa jaitsi beharrean gaudela ezinbestean".

Galderak egiteko tartea ere izan zen, eta hainbat izan ziren zalantzak argitzera animatu zirenak. Galderen tartean, geotermiaz –Etxeberriak azaldu zuen Euskal Herrian oso garestia izan daitekeen aukera dela– edo zentral eolikoak industrializatutako lurretan jartzeko egon daitezkeen aukerez aritu ziren hizketan, besteak beste. 

(Argazkiak: Sañu Bizirik)

101 Arrazoi egitasmoaren barruan egingo dituzten hurrengo ekintzak, hemen: 

  • Martxoak 12, igandea: mendi martxa Sañoara. 11:00etan Sañoan egotea aurreikusten dute.
  • Apirilak 23, igandea: Elgeako zentral eolikora irteera, 08:00etan, Azpeitiko anbulatorio aurretik abiatuta.
  • Maiatzak 4, osteguna: Crisis energetica y de materiales hitzaldia emango dute Antonio Turiel CSIC-eko zientzialariak eta Antonio Aretxabala geologia ikertzaileak. Azpeitiko Soreasu antzokian izango da saioa, 19:00etan hasita.