Eduki babestua

Ugarte burdindegia, txikitasunean handi

Erredakzioa 2023ko ots. 17a, 20:00

1953. urtean Joxe Ugarte eta Axun Solaberrieta senar-emazteek Zestoan sortutako saltokia hazten joan da, eta 70 urte eta gero, bailaran erreferentziazkoak izateko lanean jarraitzen du Ugarte burdindegiak.

Teknologia, konpromisoa eta kalitatea. Horiek dira Ugarte burdindegiaren ildo nagusiak. "Enpresaren eta ezagutzaren eguneratze teknologikoa, bezeroekiko dugun konpromisoa, partikularrak nahiz profesionalak izan, eta horien beharrizanei erantzuteko nahia, eta aurrera egitea ahalbidetuko diguten proiektu berritzaileak egiteko interesa, beti ere, geure buruari ezarri diogun kalitatearen ildotik", dio Josu Astorkia burdindegiko arduradunak.

Oinarri horietatik abiatuta, gaur egun Zestoan (Azpeititik 8 minutura autoz) bi salmenta puntu izatera iritsi da burdindegia. Lehena, ohiko burdindegia bezala ezagutzen denari eskainitakoa: bere jarduera gehiena etxeko gaien salmentan, brikolajean, landa-lanetako erremintetan, sarrailagintzan eta pinturan dago oinarrituta. Eta hornidura industrialari esleitutako bigarren salmenta puntuan, mekanizazio tresna, makineria profesionala eta torloju aukera zabala eskaintzen du, beste produktu askoren artean.

Salmenta puntuez gain, ordea, Ugartek baditu beste burdindegiez alderatzen duten aparteko zerbitzuak: "Garraio zerbitzu propioa dugu Urola Kosta eta Debabarrena eskualdeetan banaketak egiteko, Azkoitia, Azpeitia eta Zumaia barne, eta akordio esklusibo garrantzitsuak ditugu ebaketa tresnen, urratzaileen, metrologiaren, lubrifikatzaileen, eskuzko eta altxatze tresnen sektoreko fabrikatzaileekin", gaineratu du arduradunak.

1953. urtea zen Joxe Ugarte eta Axun Solaberrieta senar-emazteek burdindegia zabaldu zutenean. Garai hartako herriko ostalaritza jarduera garrantzitsuak, eta ondorengo urteetako industriaren jarduera indartzeak, eragin positiboa izan zuten burdindegi txikian. Ugarte burdindegia Zestoako eta inguruko enpresa garrantzitsua bihurtu zen, eta gaur egun, modu berean jarraitzen du.

                       

70 urteko ibilbideak emandako esperientziak erakutsi du bide onetik doazela, eta aurrerantzean, halaxe jarraitzeko asmoa dute. Gainera, zailtasunak eta oztopoak gainditzeko ahalmena ere erakutsi dute. Izan ere, merkataritzak orokorrean, eta Covid-19ak eraginez, dituen zailtasunei aurre egitea lortu du Ugarte burdindegiak. "Txikiak gara, herri txiki batekoak, horrek dituen eta eragiten dituen zailtasunekin. Azkenean, biztanle gutxi izateak bezero gutxi ekartzen ditu. Baina, guztira, 11 langilek osatzen dugu burdindegia, Zestoa bezalako herri batean handiak gara. Gainera, eskualdeko enpresa ugarirentzat egiten dugu lana. Bide horretatik jarraitu nahi dugu, bailaran erreferentziazkoak izan arte", gaineratu du Astorkiak.

Zozketak

70 urteurreneko ospakizunetan sartu da, beraz, Ugarte burdindegia. Urteurren berezia ospatzeko, eta bezeroen leialtasuna saritzeko, zozketa bereziak egingo ditu. Zortzi zozketa izango dira, denera: batetik, lan egiten duten enpresa eta profesionalen artean lau zozketa, eta, bestetik, saltokietara joaten diren bezeroen artean beste lau.

  • Enpresek eta profesionalek 300 euroko erosketak egiteagatik zozketan parte hartzeko aukera izango dute, eta, irabaziz gero, Ugarte burdindegian bertan gastatzeko 500 euroko bonua eskuratuko dute.
  • Bezeroek, aldiz, hamar euroko erosketa eginez gero, txartela jasoko dute beraien datuak sartzeko, eta urtaro bakoitzaren amaieran, 500 euroko balioa duen produktu sorta baten zozketan parte hartuko dute.