Bigarren faseko 67 etxebizitzetako giltzak banatuta, bukatutzat emango du udalak Esklabak-Iturtzulo proiektua

Julene Frantzesena 2023ko ots. 16a, 09:55
Esklabak-Iturtzulo eremuko babestutako etxebizitzak.

Asteotan ari da erakundea etxejabeei giltzak banatzen. Bi fasetan, guztira, babestutako 129 etxebizitza egin dituzte Iñaki Azpiazu kalean, eta eraikuntza lanek hamasei milioi euroko inbertsioa izan dutela azaldu du udalak. Urtearen bukaerarako beste etxebizitza proiektu bat ere martxan izango dela aurreratu du udalak: Esklabetako eraikinean alokairu sozialeko 48 etxebizitza.

Azpeitiko Udala asteotan ari da Esklabak-Iturtzulo eremuko babestutako etxebizitzen bigarren faseko giltzak etxejabeei ematen. Hain zuzen ere, bigarren fasean, orotara, 67 etxebizitza egin dituzte, babestuak eta udal sustapenekoak. Horrenbestez, erakundeak proiektua "gauzatutzat" eman du.

2019ko udan hasi zuen Azpeitiko Udalak babestutako etxebizitzak eraikitzeko esleipen prozesua, eta lehen fasean 62 etxebizitza eraiki zituen. Fase hartan herritarrek egindako eskaera kopurua ikusirik, baina, bigarren fasea ere martxan jarri zuen erakundeak, eta hori da bukatu berri duena. Guztira, 129 etxebizitza babestu egin dituzte Esklabak-Iturtzulo eremuan, eta udalaren esanetan, hamasei milioi euro inguruko inbertsioa egin dute erakundeek.

Urtearen bukaerarako beste etxebizitza proiektu bat ere martxan izango dela aurreratu du udalak: Esklabetako eraikinean alokairu sozialeko 48 etxebizitza erabilgarri izango dira. Horrez gain, datozen urteetara begira, etxebizitza eskaintza berriak lantzen ari direla ere adierazi du erakundeak. Zehazki, mota desberdinetako etxebizitza eskaintza jarraitua egiteko konpromisoa hartua duela esan du udalak.

Etxebizitza Planaren ondorio

Udalak azaldu duenez, herritarren etxebizitza beharrei erantzuteko "proiektu desberdinak gauzatzen eta neurriak hartzen" ari da. 2016an etxebizitzari buruzko azterketa egin zuen erakundeak –2021ean beste bat egin zuen datu eguneratuak biltzeko–, eta haren emaitzak kontuan hartuta jarri zuen martxan Esklabak-Iturtzulo eremuan babestutako etxebizitzak egiteko proiektua, baita Alde Zaharrean hainbat eraikin eraberritzeko erabakia ere.

Halaber, etxebizitza beharrari erantzuteko hartutako neurrian artean bi aipatu ditu erakundeak: Etxebizitza Plana egitea eta etxebizitza bulegoa zabaltzea. Hala gogorarazi du Nagore Alkorta alkateak: "Etxebizitza Planean Azpeitiko politiken barruan landu beharreko ildoak jaso ziren, eta lehen pauso gisa, etxebizitza bulegoa ireki genuen herritarrei informazio egokitua, zuzena eta pertsonalizatua emateko helburuz".

Etxebizitzek "funtzio soziala" dutela ere esan du alkateak, eta etxebizitzek herritarren bizi kalitatean "eragin zuzena" dutela ere bai. Gainera, 2015ean onartutako etxebizitzaren euskal legeak herritarrek etxebizitza izateko eskubide subjektiboa dutela jasotzen duela ere azpimarratu du.