Martxan da ikastetxeetan energia aurrezteko helburua duen Euronet 50/50 programa

Andoni Elduaien 2023ko ots. 14a, 15:07
Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolan egindako ibilbide energetikoa. (Xabier Munibe)

Eskualdeko zortzi ikastetxe ari dira Euronet 50/50 programan parte hartzen; horietako lau dira Azpeitikoak: Ikasberri Ikastola, Iraurgi ikastetxea, Karmelo Etxegarai Ikastola eta Urola BHI. Eraikin publikoetan energia aurrezteko helburua du programak, eta horretarako, talde energetiko bat sortu dute ikasleen eta irakasleen ordezkaritzarekin.

Martxan da ikastetxeetan energia aurrezteko Euronet 50/50 programa. Iraurgi Berritzen garapen agentziak sustatzen du programa hori, eta eskualdeko hainbat ikastetxe ari dira han parte hartzen. Azpeitian, Ikasberri Ikastola, Iraurgi ikastetxea, Karmelo Etxegarai Ikastola eta Urola BHI ari dira parte hartzen. Azkoitian, berriz, Bizilore Eskola Aktiboa, Izarraitz Lanbide Heziketa eta Xabier Munibe Ikastola. Errezilen, bestalde, San Martin Herri Eskolak egin du bat aurten ere programarekin.

Euronet 50/50 Max Europako proiektu bat da, eta helburua da energiaren erabilera egokia eta kudeaketa kontuan hartuta, eraikin publikoetan hura aurreztea. Energiaren inguruko ezagutza maila handitzeko helburua dute ikastetxeetan, hala energiaren aurrezpenera eta eskola jasangarri batera bidea egiteko.

Mundu mailan finkatuta dauden Garapen Jasangarrirako Helburuekin dago lotuta programa. Sustatzaileek nabarmendu dute energiaren neurrigabeko kontsumoak eragina duela Lurra planetan. "Kutsadura nahiz klima aldaketa eragiten ditu, lehengaien agortzea, prezio igoera eta ondorioz pobrezia, gosea eta osasun eza. Gainera, hainbat kasutan generoaren arabera areagotu egiten da eragina. Zalantzarik gabe, ekosistemetan izango lukeen eragina ezin da ahaztu", azaldu du Iraurgi Berritzenek ohar bidez.

Iraurgi Berritzenek kontratatutako Artelatz S.L. enpresak eskualdeko ikastetxeetan egin beharreko zeregina izango da, beraz, programak dituen helburuen arteko lotura ikastetxeetan ulertaraztea. Lanketa hori gauzatuta, eskualde jasangarriagoaren alde egitea da garapen agentziak duen helburua.

Ibilbide energetikoa

Eskualdeko zortzi ikastetxeetako ikasleen eta irakasleen ordezkariek talde energetiko bat sortu dute. Talde horrek, Artelatz enpresako hezitzaileekin eta zenbaitetan ikastetxeko atezainarekin batera, ikastetxe bakoitzeko ibilaldi energetikoa egin dute ikasturtearen bigarren hiruhilekoan. Energia ibilbide hori egiteko hainbat gunetatik igaro dira, besteak beste, ikasgeletatik, irakasle geletatik, jangeletatik eta galdara geletatik. Ibilbide horiek eginda energia kontsumoaren puntu desberdinak atzeman eta argi nahiz berogailuen funtzionamendua ezagutu dute ikasleek. Gainera, zenbait datu hartzeko aparatuak erabili zituzten ikastetxeetan, hala nola ipar-orratza, termometroa, luxometroa, karbono dioxido neurgailua eta kontsumo neurgailua.

Hurrengo urratsak

Guztira, programa barruko lau lan saio egingo dituzte ikasleek. Lehena egin dugu ja, eta hurrengo saioa ikasturtearen hiruhileko honetan egingo dute. Azken bi saioak, berriz, hirugarren hiruhilekoan izango dira. Jolasen bidez energia iturrien berri izango dute, eta bakoitzaren abantailak nahiz desabantailak aztertuko dituzte. "Ikasleek argi izan behar dute ikastetxea argiztatzeak eta berotzeak gastu handia suposatzen duela, eta guztion artean zerbait egin dezakegula. Hori da aurreko bi ikasturtetan ondorioztatu dena eta aurten sakondu nahi dena", adierazi dute Iraurgi Berritzeneko kideek.