Bertako 200 zuhaitz landare landatu dituzte Munoaundin

Andoni Elduaien 2023ko ots. 11a, 18:27

Urola Bizirik natur taldeak antolatuta, hogei lagun elkartu dira gaurko zuhaitz landareen landaketan. Guztira, 200 landare landatu dituzte Munoaundiko lurretan.

Azkoitiko Altamirako Baratze Parkeko hazitegian hazitako bertako zuhaitz landareak landatu ditu Urola Bizirik natur taldeak gaur, larunbata, Munoaundiko lurretan. Hogei lagunek parte hartu dute ekintzan, eta guztira, 200 zuhaitz landare landatu dituzte Azkoitiko Udalak Munoaundin utzitako herri lurretan.

Parte hartzaileak 09:00etan abiatu dira oinez Abaraxka aterpetxe paretik Munoaundira, eta behin hara iritsitakoan hasi dira zuhaitzak landatzen. Bertako basoa berreskuratzeko duten proiektuaren barruan egin dute gaur goizeko ekintza. Hain zuzen, Altamirako Baratze Parkean landatutako ezkurretatik sortutako landare haziak landatu dituzte, besteak beste, haritzak, pagoak, arteak eta gaztainak.