Eman daiteke izena Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketan

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 6a, 10:40
Iaz egin zuten lehiaketaren lehen edizioa. (Nerea Uranga)

Maiatzeko lau larunbatetan izango da lehiaketa, eta egun bakoitzean bina taldek parte hartuko dute. Parte hartu nahi dutenek martxoaren 1a baino lehen eman beharko dute izena azteelkartea@gmail.com helbidera mezu bat idatzita, eta zortzi talde baino gehiagok parte hartu nahiko balute, izen emate hurrenkera hartuko dute kontuan. Aurten ere Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) eta udalak antolatu dute lehiaketa, eta sari potoloa iragarri dute irabazlearentzat: 6.000 euroko diru saria, hain zuzen.  

Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren bigarren edizioa jokatuko dute maiatzean Azpeitian. Iazko lehen edizioak izandako arrakasta ikusirik, egitasmoari eustea erabaki dute antolatzaileek, alegia, Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) eta udalak. Horrenbestez, aurtengo maiatzeko zapatu arratsaldeetan ere ez da musikarik eta jai girorik faltako Azpeitiko kaleetan. 

Iazko lehiaketaren formatu bertsua izango du bigarren edizioak ere. Larunbatero bina talde ibiliko dira Alde Zaharra girotzen. Bata, 19:00etan hasiko da, eta bestea, ordubete geroago, 20:00etan; eta talde bakoitzak ordu eta erdiko saioa gauzatu beharko du. Lehiaketan parte hartzen duten taldeek Euskal Herrikoak izan beharko dute, eta gehienez zortzi taldek parte hartzea aurreikusten dute antolatzaileek; maiatzeko zapatu bakoitzeko bi. Zehazki, maiatzaren 6a, 13a, 20a eta 27a izango dira lehiaketa egunak. Egutegi zehatza, talde bakoitzak egin beharreko ibilbidea eta gainerako xehetasunak aurrerago zehaztuko dituzte.

Horiek horrela, parte hartu nahi duten taldeek mezu bat idatzi beharko dute azteelkartea@gmail.com helbidera. Mezu horretan, honakoak adierazi beharko dituzte: taldearen izena, telefono zenbaki bat eta maiatzeko zein larunbatetan izango zuketen etortzeko aukera. Martxoaren 1era arteko epea izango dute izena emateko aukera, baina komeni lehenbailehen egitea, zortzi taldek baino gehiagok parte hartu nahiko balute, izen emate hurrenkeraren arabera osatuko dutelako parte hartzaileen zerrenda.

Iaz bezala, aurten ere sari potoloa iragarri dute talde irabazlearentzat: 6.000 euroko diru saria, hain zuzen. Trukean, saninazioetan emanaldi bat eskaini beharko du doan. Horrez gain, talde bakoitzari 600na euroko tarifa ordainduko diote lehiaketan parte hartzeagatik.

Irabazlea nor izango den herriko hainbat musikarik osatutako epaimahaiak ebatziko du, eurek ezarritako irizpideen arabera. Emanaldiak balioesterakoan, kontuan izango dituzte honakoak: musikaltasuna, sonoritatea, interakzioa, martxan jotako musika, abestien barietatea, euskara, parekidetasuna…