Urola Bizirikek bertako zuhaitz landareak landatuko ditu larunbatean Azkoitian

Andoni Elduaien 2023ko ots. 6a, 10:15
Duela urtebete eskas Munoaundin egindako zuhaitz landaketako irudi bat. (Anartz Izagirre)

Landaketa egitera joateko hitzordua 09:00etarako jarri dute, Azkoitiko Abaraxka aterpetxean. Handik abiatuko dira guztiak elkarrekin Munoaundira. Guztira, 200 zuhaitz landare landatuko dituzte, eta Urola Bizirikek herritarrei dei egin die.

Datorren larunbatean, otsailak 11, bertako zuhaitz landareak landatuko ditu Urola Bizirik natur taldeak Azkoitiko Munoaundiko lurretan. 09:00etan, oinez abiatuko dira Altamira auzoko Abaraxka aterpetxe paretik Munoaundira, eta behin hara iritsitakoan hasiko dira zuhaitzak landatzen. Munoaundiko herri lurretan bertako basoa berreskuratzeko duten proiektuaren barruan egingo dute landaketa udalak utzitako lursailetan.

Hain zuzen, Altamirako Baratze Parkean landatutako ezkurretatik sortutako landare haziak landatuko dituzte larunbatean, hala nola, haritzak, pagoak, arteak eta gaztainak. Urola Bizirik natur taldeak egindako aurreikuspenen arabera, 200 landare inguru landatuko dituzte Munoaundin.

Natur taldeak herritarrekin batera landatu nahi ditu zuhaitz landareak, eta horretarako, herritar guztiak gonbidatu dituzte. "Zuhaitz landaketa giro onean egingo dugu. Gainera, plan aproposa da larunbatekoa familian egiteko", azaldu dute natur taldeko kideek. Landare guztiak landatutakoan, Abaraxka aterpetxera itzuliko dira, eta han mokadutxoa egiteko aukera izango da.