Lagun Onaken emakumeak irabazle, eta gizonak galtzaile

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 5a, 18:26
Lagun Onak-Urduliz partidaren une bat, atzo, Garmendipen. (Mailo Oiarzabal)

Bi talde nagusiek etxean jokatu dute asteburuan. Hirugarren Mailako taldeak 0-1 galdu zuen atzo Urdulizen kontra, eta Emakumeen Ohorezko Erregional mailakoek, berriz, 1-0 garaitu dute gaur arratsaldean Intxaurdi.

Emaitza kontrajarriak lortu dituzte asteburu honetan Lagun Onak futbol klubeko bi talde nagusiek. Biek jokatu dute etxean, bi partidetan gol bana izan da, baina batzuentzat aldekoa eta besteentzat kontrakoa.

Espainiako Hirugarren Mailan, hemeretzigarren jardunaldiko partida jokatu zuen atzo Lagun Onakek Garmendipen, Urdulizen kontra. Bizkaiko taldea jaitsierako postuen mugan zela iritsi zen Azpeitira, baina balio handiko hiru punturekin itzuli zen etxera. Jokoaren ekimena izan zuen Ander Avellanedaren taldeak, baina erasoan argitasunik gabe ibili zen; eta aukera garbiren bat izandakoan, berriz, kamuts atearen aurrean. Urdulizekoek 61. minutuan egin zuten partidako gol bakarra, eta Lagun Onakek ez zuen lortu kolpe horri aurre egiten.

Horrenbestez, beheko postuekiko zulotxoa irekitzeko aukera ez zuten probestu etxekoek, eta 21 punturekin jarraitzen dute, bederatzigarren postuan. Datorren jardunaldian aukera berria izango dute Azpeitikoek, berriro Garmendipen, Aurreraren kontra.

Hiru puntu poltsikora

Bestelako kontuak izan dira Lagun Onakentzat gaur bazkalondoan Garmendipeko belar artifizialezko zelaian. Emakumeen Ohorezko Erregional mailako taldeak hiru puntuak poltsikoratu ditu han, Intxaurdiri 1-0 irabazita. Nahia Etxeberriak egin du neurketako gol bakarra, lehen zatian, eta abantailari eusten asmatu dute gero etxekoek.

Hemezortzi jardunaldi osatuta, sailkapenean seigarren postuan jarraitzen du Lagun Onakek, orain 27 punturekin. Datorren astean Amaikak Bat Mutrikuren zelaian jokatu du Unai Urbizuren taldeak.