Ekoizleen eta Elikagunearen lana aitortuz ospatu dute Azoka Plazaren bosgarren urteurrena

Ane Olaizola 2023ko ots. 4a, 14:33

Bost urte bete ditu Azoka Plaza berrituak, eta gune horrek duen garrantzia zein ekoizleen lana goraipatzeko ekitaldia egin du eguerdian udalak. Astearteetako zein ostiraletako azoketan egoten diren ekoizleei eta Elikaguneari aitortza egin die erakundeak. 

Atzoko egunez, duela bost urte zabaldu zituen ateak Azpeitiko Azoka Plaza berrituak, eta orduan hasitako etapa berriaren urteurrena ospatu dute gaur Azpeitian. Bost urteko ibilbidea gogoratzeaz gain, astearteetako zein ostiraletako azoketan egoten diren bailarako ekoizleak zein Azoka Plazaren "harribitxi" bihurtu den Elikagunea zoriontzeko eta haien lana aitortzeko baliatu du Azpeitiko Udalak urteurrena. 

Azoka Plazan bertan egin die aitortza udalak baserritarrei zein Elikaguneari, eta han elkartu diren dozenaka lagunen aurrean, orain artekoaren errepasoa egin du erakundeak. Hain zuzen, duela bost urte, eraikina berritzearekin batera, Azoka Plazaren egiteko modua zein filosofia ere aldatu zirela esan du udalak: "Herriko ekoizle zein eragile desberdinen artean adostuta, Azoka Plazaren oinarrietara jotzea erbaki zen. Bertakoa eta garaikoa jarri da zutabe. Azpeitiko zein eskualdeko ekoizleon produktuen erakusleiho da Azoka Plaza", esan du Ihintza Elustondo saioaren aurkezleak.

Udalaren esanetan, ibilbide "luze" baten atarian, dagoeneko "oinarri sendoak" ditu gune horrek. Azoka Plaza ekoizleek zein bezeroek egiten dutela nabarmendu du hark, eta horiek "azokaren zutabe" direla gaineratu: "Gero eta azpeitiar gehiagok bertako eta garaiko produktuak kontsumitzearen alde egiten dute. Eta hori sentsibilizazioaren eta Azoka Plazaren indarraren seinale ere badela esan dezakegu".

Egun, Azpeitiko zein eskualdeko 54 ekoizleren produktuak aurki daitezke Azoka Plazan, eta ekoizle horietatik %61 emakukeak direla jakinarazi du udalak. "Azpeitiko Azoka Plazak emakume aurpegia du". 

"Hasi besterik ez da egin"

Nagore Alkorta alkateak, bere aldetik, gogoratu du "berezia" izan zela 2018ko otsailaren 3 hura, Azoka Plaza inauguratu zutelako. Azoka Plazaren proiektua "berria eta berritzailea" izan zela azpimamarratu du hark: "Udalarentzat ilusioarekin hasitako proiektu bat zen, baina egia da ibilbide hori zalantza batzuekin hasi zela. Atzera begiratuta, ordea, merezi izan zuela ohartu gara". Lehen sektorea eta dibertsifikazioa bultzatuz eta tokikotasuna ardatz hartuta, "ekonomia sustatu eta azoka indartu" dutela azaldu du Alkortak bere hitzartzean: "Harremanetarako eta aurrez aurreko salmenetarako, garaiko eta tokiko produktuak bultzatzen ditugu, eta horren guztiaren erdigunean ekoizleak daude". 

Alkortaren esanetan, gainera, Azpeitiko Azoka Plaza "erreferentzia" bihurtu da herrian zein herritik kanpo: "Azken bost urteetan asko izan dira azoka ikustera etorri diren taldeak, eragileak eta erakundeak". Dena den, azpimarratu du Azoka Plazaren ibilbidea "hasi besterik ez" dela egin: "Etorkizun bat dugu bilakatzeko eta irabazteko". Bide horretan, gogoratu dute azken urteetan proiektua osatzen joan dela Azoka Plaza 2.0 eta Enkarguk egitasmoen bidez, besteak beste. 

Azokek duten garrantzia ere goraipatu du alkateak, eta ekoizleek izurrian erakutsi zuten konpromisoa jarri du horren adibidetzat. "Unerik gogorrenetan, azokak debekatu nahi izan zituzten, baina ekoizleek, behar ziren neurriek hartuta, beren konpromisoa erakutsi zuten, eta produktuak azokara eramaten jarraitu zuten". Elikaguneari buruz, berriz, Alkortak esan du "luxua" dela Artxara kooperatibak kudeatzen duen gune hori Azoka Plazan egotea, eta bertako "bihotza" bihurtu dela gaineratu du. Egun, zortzi langile eta 400 bazkide baino gehiago ditu kooperatiba horrek. Elikaguneaz gain, eskerrak eman dizkie baserritarrei zein ekoizleei, tokiko ekonomia sustatzeaz gain, jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldeko "benetako apustua" egiten dutelako. Hain zuzen, Elikaguneak ez ezik, astearteetan eta ostiraletan azorran izaten diren honako ekoizle hauek jaso dute aitortza gaurko ekitaldian: 

  • Garate Berri baserria
  • Akua Barrena baserria
  • Arrigain baserria
  • Ondarre baserria
  • Anton Enea baserria
  • Etxearreta baserria
  • Ozkarte baserria
  • Beizama gaztak
  • Enparain gain
  • Egiño Zahar baserria
  • Lizarreta Errota baserria
  • Kurutzia baserria
  • Mauri baserria
  • Otalastegi baserria
  • Atxumarriaga baserria
  • Txarabarren baserri
  • Beristain Txanton baserria
  • Konde mintegia
  • Santa Kutz Berri baserria
  • Aldazabal baserria
  • Beristain Txapa baserria
  • Arizmendi baserria
  • Etxe Txiki baserria
  • Berrosueta baserria
  • Ipintza  baserria
  • Xoxote Gaztak
  • Beristain Kitterra baserria
  • Zumeta baserria
  • Aranguren baserria
  • Sakona Etxalde Ekologikoa  
  • Solaka baserria
  • Agiñondo baserria
  • Larreta esnekiak
  • Baserriloreak
  • Korta baserria
  • Erribera baserria
  • Errezilgo Azoka
  • Zortziko eztia
  • Basabe Barrena