Gipuzkoako Auzitegiak berriz ireki du Pasaiako segadaren auzia

Julene Frantzesena 2023ko ots. 3a, 09:03
Pasaiako segadan hildakoen omenaldi bateko irudia.

1984ko martxoan Komando Autonomoetako lau kide hil zituzten Pasaian izan zen polizia operazio batean; tartean ziren bi azpeitiar. Auzibide luzea izan du kasuak, baina ateak itxi dizkiote ikerketari behin eta berriz. Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak, baina, aurrez aurreko idenfikazio proba batera deitu du orain Joseba Merino lekukoa.

Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak berriz ireki du Pasaiako segadaren auzia. Hori dela eta, auzitegi horrek identifikazio saio batera deitu ditu 1984ko martxoaren 22an Pasaian izan zen polizia operazioan parte hartu zuten zazpi lagun. Hasiera batean otsailaren 19rako zuten horiek epaitegiko hitzordua, baina martxoaren 28ra atzeratu dute data hori.

Santiago Gonzalez Pasaian hildakoen senideen abokatuaren ekimenez lortu dute auzia berriz zabaltzea, eta Uztarriak jakin ahal izan duenez, sorpresa handia eragin du epaitegiaren erabakiak. Izan ere, Gipuzkoako Auzitegiak 2016ko otsailean, "ikerketarako elementurik ez" zegoela argudiatuta, instrukzio fasean itxi egin zuen auzia. Orain, baina, bada berrikuntza bat: akusazio partikularrak hainbatetan eskatu duen baina ukatu egin izan zaion identifikazio saioa egingo du epaileak. Joseba Merino segadatik bizirik atera zen kidea deitu du aurrez aurreko identifikazio probara, hiltzaileren bat identifikatu ahal dezakeen ikusteko.

Auzibide amaiezina

Pasaian gertatutakoa argitzeko bidea duela ia 40 urte hasi zuten hildakoen senideek. Zehazki, 1984an jo zuten epaitegietara, baina bi urtera artxibatu egin zuten kasua. Donostiako Instrukzio 2. Epaitegiak diligentziak itxi zituen 2004an, kasua preskribituta zegoela eta gertaeraren egile jakinik ez zegoela argudiatuta.

Dena den, horren aurrean helegitea aurkeztu zuten senideek eta Azpeitiko Udalak –erakundeak 2001etik parte hartu du Pasaiako segadaren auzi judizialean, herri akusazio gisa, Miguel Castells abokatuarekin–, eta Gipuzkoako Auzitegiak berriz ireki zuen ikerketa, polizia operazio haren bueltan irregulartasun zantzuak bazirela eta auzia ezin zela preskribatu esanda. 2016ko otsailean, ordea, berriz itxi zuen auzia Donostiako epaitegiak, "deliturik ez" zuelako frogatu.

Horren aurrean, ikerketa artxibatzearen aurka eta "heriotzak ikertzearen alde", helegite bana jarri zuten hildakoen senideek eta Azpeitiko Udalak, 2016ko otsailean. Helegite horiek ere atzera bota zituen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, eta erabaki horren aurka babes helegitea aurkeztu zuen udalak. Dena den, hori ere atzera bota zuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak. Horregatik, 2017ko urtarrilean babes helegitea aurkeztu zuen Udalak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, baina maiatzean jakinarazi zuen auzitegiak ez zuela hura onartu.

Espainiako Justiziako bidea agortuta, Europara jo zuten senideek nahiz Azpeitiko Udalak. 2017an aurkeztu zuen herri akusazioak helegitea Giza Eskubideen Europako Auzitegian, eta hildakoen senideek, berriz, 2018aren hasieran. Udalaren helegitea ez zuen onartu erakundeak, ezta senideena ere. 

Martxoaren 22an 39 urte beteko dira Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak izan ziren gertaera horretan hil zituzten lau kideak. 113 bala zulo zituzten lau gorpuek. Hildakoen senideek gertatutakoa argitzeko hainbat auzi bide hartu dituzte ordutik, baina ez dute lortu auzia ikertzerik.