Hasi dituzte Eusko Gudarosteari buruzko proiektu museografikoa egiteko lanak

Julene Frantzesena 2023ko ots. 2a, 08:14
Etxolaren egitura soilik utzi dute, gunea egokitzeko. (Maialen Etxaniz)

Loiolako zabalgunearen aurrean dauden etxoletako batean hasi dira proiektua gauzatzeko lanak egiten. Martxorako aurreikusten dute udalak eta Aranzadik lanok amaitzea eta proiektua martxan izatea. Euskal Herriko memoria historikoaren eta Eusko Gudarosteari buruzko informazioaren topagunea izango da etxola.

Egunotan hasi dituzte Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak Eusko Gudarosteari buruzko proiektu museografikoa garatzeko lanak Loiolan. Hain zuzen ere, Loiolako zabalgunearen aurrean dauden etxoletako batean –itxita zegoenean– hasi dira proiektua gauzatzeko lanak egiten; egitura soilik utzi dute, berrikuntza lanak egiteko eta eremua egokitzeko. Izan ere, erakusleihoz osatuko dute etxola.

Proiektua 2022aren bukaerarako martxan izango zela aurreikusten zuten egitasmoaren sustatzaileek. Hala azaldu zuten proiektuaren aurkezpena egin zutenean, joan zen irailean. Baina udalak azaldu duenez, obrarako materialekin izan diren arazoak tarteko, atzeratu egin dute proiektua bukatzeko epea. Erakundearen arabera, lanak hasi dituztenez, martxorako izango da gunea egokituta.

Euskal Herriko memoria historikoaren eta Eusko Gudarosteari buruzko informazioaren topagune bilakatuko da etxola. Aranzadik azken urteetan egindako ikerketetan –2017an egin zuen Eusko Gudarosteari buruzko lana Azpeitian– bildutako materialez hornituko dute gunea: argazkiak, dokumentazio historikoa, garaiko egunkari zatiak, ikus-entzunezko materiala, informazioa... Etxola Gipuzkoako Foru Aldundiak laga dio udalari proiektua gauzatu ahal izateko.