Bigarren garaipena lortu du jarraian Domusa Teknik ISBk

Andoni Elduaien 2023ko urt. 30a, 10:27
Herenegun Malagan aritu ziren Domusa Teknik ISBko jokalariak. (CAB Estepona Jardin Costa Sol)

CAB Estepona Jardin Costa Sol taldearen aurka lortu du Domusa Teknik ISBk garaipena. Juaristi ISBk itxura ona eman du Galizian, baina hori ez da nahikoa izan garaipena eskuratzeko. Asteazkenean, Melilla Sport Capital taldearen aurka jokatuko du gizonen taldeak Azpeitiko kiroldegian, eta klubak dei egin die zaleei.

Domusa Teknik ISBk bigarren garaipena eskuratu du jarraian. Joan den astean Azkoitian Club Joventut Badalonari irabazi ondoren, larunbatean 50 eta 68 menderatu zuen Joseba Lizarraldek zuzentzen duen taldeak CAB Estepona Jardin Costa Sol taldea. Ostiralean, bestalde, 78 eta 73 galdu zuen Juaristi ISBk Leyma Coruñaren aurka, Galizian. Itxura ona eman arren, esku hutsik itzuli zen taldea.

Larunbatean, 50 eta 68 irabazi zuten Malagan (Andaluzia, Espainia) ISBko emakumeek. Bigarren laurdenean egindako lan onak amaieran garaipena lortzeko balio izan zion ISBri. Atsedenaldirako erdi erabakita utzi zuen lehia ISBk (23-42), eta bigarren zatian jokaldi luzeak egiten saiatu zen Lizarralderen taldea. Modu horretan asmatu zuen Azkoiti-Azpeitiko emakumeek etxekoen oldarraldiari eusten.

Saioa Altzaga eta Josephine De Barros nabarmendu ziren Malagan, biek hamazazpi puntuko balorazioa erdietsi baitzuten. Sailkapeneko azken-aurreko postuan dago egun Domusa Teknik ISBk, baina Malagan irabazita, bost garaipen ditu orain taldeak. Irteera postuetatik kanpo dauden taldeak gero eta gertuago dituzte ISBko emakumeek.

Juaristi ISBk, ostera, garaipenak kateatu ezinda jarraitzen du. Txapelketako aurkaririk sendoenetako baten etxean aritu zen ostiralean taldea, Leyma Coruñaren etxean, hain zuzen. Hasiera-hasieratik itxura ona erakutsi zuten ISBko jokalariek, eta taldeak aurretik amaitu zuen lehen laurdena. Bi taldeen arteko alderik handiena, ordea, bigarren laurdenean nabaritu zen. Hamahiru puntura arte ere urrundu ziren galiziarrak markagailuan, baina aldea murriztea lortu zuen ISBk atsedenaldira iritsi aurretik.

Hirugarren laurdenean ihes egitea lortu zuten berriz ere etxekoek, baina laugarren eta azken laurdenaren amaierara bizi-bizirik iritsi zen Mikel Odriozolak zuzentzen duen taldea. Puntu bakarrera hurbildu zen Azkoiti-Azpeitiko taldea. Azken segundoetako zehaztasun faltaren ondorioz, ordea, garaipenak ihes egin zion taldeari. Kai Simon Edwards izan zen ISBko jokalari onena Galizian, Nathan Hooverrek eta Iñigo Royok lagunduta.

Asteazkenerako deia zaleei

Etzi, asteazkena, Juaristi ISBk Melilla Sport Capital taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Azpeitiko kiroldegian (20:30). "Neurketa erabakigarria" dela eta, klubak dei egin die zaleei. "Galtzen bada, borrokan jarraitu behar da. Irabaziz gero ere, borrokan jarraitu behar, baina aurrerapauso galanta emango lukete gure mutilek", azaldu du klubak.

Egoera horren aurrean, "esfortzu berezia" eskatu die klubak jarraitzaileei, horiek asteazkenean kiroldegia bete dezaten. Kantxako eserlekuak betetzeko haurrei dei egin diete, eta harmailetako eserlekuek betetzeko, helduei. Bazkide bakoitzak beste lagun bat gonbidatu ahal izango du asteazkeneko lehiara, baita sarrera erosten duenak ere.