Bertso Egunak utzitako irudiak eta adierazpenak, bideoan jasota

Maialen Etxaniz - Aitziber Arzallus 2023ko urt. 29a, 13:24

Eguerdian Alde Zaharrean barrena bertso poteoa egin ostean, bazkariak izan ziren Ziripot, Zulo-Zabal, Oilo-Soro, Oilagorra eta Txalintxo elkarteetan, eta bertsolariek bertsoz girotu zuten bazkalostea. Gauean borobildu zuten jaia Azoka Plazan egindako bertso afariarekin. Eguna amaitzean, pozik agertu ziren bertsozaleak nahiz antolatzaileak. 

Azpeitiak hartu du 2023ko Bertso Eguna, eta eguraldi petrala ez da bertsozaleen festa zapuzteko gai izan. Atzo, larunbatez, ospatu zuten Bertso Eguna, eta goizean goizetik, bertsoa, jan-edana eta giro ona izan ziren protagonistak Azpeitian. 

11:30ean plazan jarrita zuten hitzordua, poteoari ekiteko, eta 14:30 bitartean, tabernaz taberna ibili ziren bertsolariak, trikiti doinuek lagunduta. Bat-bateko bertso saiorik ez zen falta izan poteoa egin bitartean. Gero, bakoitza zegokion soziedadera joan zen bazkaltzera. Hain zuzen ere, bost elkartetan egin zituzten bertso bazkariak. Oilo-Soron Jexux Mari Irazu eta Unai Iturriaga aritu ziren kantari; Ziripoten, Andoni Egaña eta Nerea Elustondo, eta baita Oier Etxeberriak eta Irantzu Idoate ere, azken horiek bertso jarriekin; Ollagorran Sustrai Colinak eta Jone Uriak libreko saioa egin zuten; eta Zulo Zabalen Ane Labakak eta Maialen Akizuk girotu zuten bazkalostea. Txalintxo elkartean, berriz, bertso saio musikatua egin zuten Ane Ezenarro gai jartzailearen aginduetara. Aitor Etxeberriazarraga, Beñat Gaztelumendi, Maddalen Arzallus nahiz Nerea Ibarzabal bertsolariek eta Gari Otamendi zein Ixak Arruti musikariek osatuko zuten saioa.

Euskal Herri guztitik Azpeitira bertaratutako dozenaka bertsozalek bukaera borobila eman zioten atzoko Bertso Egunari. 300dik gora lagun bildu ziren Azoka Plazan, 21:00etan hasita egin zuten afarian, eta egun guztian bezala, giro bikaina nagusitu zen eguneko hitzordurik jendetsuenean ere.

Elikaguneko kideek prestatutako eta zerbitzatutako afariarekin sabela berdindu ostean, nola ez, bertso saioa izan zen han bertan, eta hainbat izan ziren oholtzara kantura igo ziren bertsolariak: Aissa Intxausti, Ander Fuentes, Ane Zuazubizkar, Eñaut Martikorena, Joanes Illarregi, Josune Aramendi, Maddi Aiestaran, Maialen Lujanbio, Peru Abarrategi, Sarai Robles eta Xabat Illarregi. Ane Ezenarro eta Imanol Artola Felix gai jartzaileen aginduetara jardun zuten, batzuk bertso jarriekin, besteek bat-batean, eta ale politak utzita amaitu zuten bertsoaren jaia.

Erlazionatuak