Mikel Larrañaga hirugarren gelditu da Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketan

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 29a, 12:52

Bigarren lekurako borrokan ibili da azpeitiarra Arkaitz Jauregi bikotearekin batera, baina, azkenean, Eneko Otaño beizamarrak eta Jesus Mari Mujikak aurrea hartu diete eta zortzi segundo lehenago bukatu dituzte lanak.

Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Iñaki Azurmendi nagusi izan ziren atzo arratsaldean Zestoako kiroldegiko pilotalekuan jokatu zuten Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketan. Txikia IV.ak eta Azurmendik 30 minutu eta zazpi segundo behar izan zituzten sei kanaerdiko, sei 60 ontzako eta bi oinbiko ebakitzeko, bigarren gelditu ziren Eneko Otaño beizamarrak eta Jesus Mari Mujikak baino ia bi minutu gutxiago. Horiek 31 minutu eta 48 segundotan bukatu zituzten lanak.

Bigarren lekurako borroka estuagoa izan zen, Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Arkaitz Jauregik osatutako bikotea pare-parean izan baitzuten saio guztian. Azkenean, zortzi segundo gehiago behar izan zituzten horiek, eta hirugarren lekuarekin konformatu behar izan zuten. Lanak bukatzen azkenak Ugaitz Mugertza eta Julen Larrea izan ziren, 32 minutu eta 22 segundoko denbora eginda.