Eman daiteke izena 'Bidea eginez!' leloarekin egingo duten 30. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian

Andoni Elduaien 2023ko urt. 27a, 15:26
Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan aurkeztu dute lasterketa. (Argazkia: Aldundia)

Gaur aurkeztu dute nazioarteko 30. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren leloa Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian. Lasterketaren antolatzaileek, erakundeetako ordezkariek eta babesleek parte hartu dute aurkezpenean. Lasterketa motzean nahiz maratoi erdian izena emateko epea ere zabalik da.

Gaur, ostirala, Diego Garciaren omenezko nazioarteko 30. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren irudia eta leloa aurkeztu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian. Aurkezpenean parte hartu dute, besteak beste, Agustin Jimenez Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaile nagusiak, Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko Barne Antolaketa, Ingurumen eta Auzo batzordeburuak, Angel Martin Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotziak, eta Maria Jose Telleria Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak.

Martxoaren 25ean lotuko ditu lasterketak Azkoitiko eta Azpeitiko herriak. Bidea eginez! da aurtengo maratoi erdirako antolatzaileek hautatu duten leloa. Hain justu, aurkezpenean azaldu dute bideari ekin zion ibiltaria Diego Garcia izan zela, eta hark bidean utzitako aztarnek "jarraitu beharreko ibilbidea markatu" zutela. Era berean, nabarmendu dute korrikalari azkoitiarrak egindako ahaleginak "hainbat ibiltari erakarri" dituela Azkoitia eta Azpeitia arteko bidera. "Argi hura duela 22 urte itzali bazen ere, probak haren arrastoari jarraitzen dio. Diego 2001. urtean joan bazitzaigun ere, gure asmoa da urterik urte 90eko hamarkadako maratoiaren urrezko garaian sortutako filosofiari eustea", azaldu du Jimenezek.

Gaur-gaurkoz, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia da World Athletics erakundearen Road Race Label maila duen Gipuzkoako proba bakarra, eta aitorpen horri esker, lasterketa Espainiako, Euskadiko eta Gipuzkoako atletismo federazioen egutegietan sartu dute aurten ere. Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete erakundeei, babesleei, kirol klubei, elkarte gastronomikoei, eragileei eta Azkoitiko nahiz Azpeitiko zenbait herritarri.

Izen-ematea, zabalik

Lasterketa egunerako asteak besterik ez dira gelditzen, eta antolatzaileek gaur, ostirala, zabaldu dute proban izena emateko epea. Azkoitiko Julio Urkixo etorbidean izango dute irteera bi lasterketek, eta Azpeitiko Hotel Loiola parean helmuga. Ohi bezala, zortzi kilometroko lasterketa laburrak emango dio hasiera aurten ere maratoi erdiari, 16:15ean. Aurten, 11. edizioa izango du lasterketa motzak. Lasterketa "polita eta egiteko erraza" dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta aurten emakumeen parte hartzea %50era iristea nahi dute. "Urtetik urtera hazten ari da emakumeen parte hartzea, eta gaur-gaurkoz, %40 baino handiagoa da". 

Nazioarteko maratoi erdia, berriz, 16:30ean abiatuko da Azkoititik. 21,5 kilometroko bidea osatu beharko dute eliteko korrikalariek, zaleek nahiz herri korrikalariek. Antolatzaileek esan dute parte hartzaile guztiek Bidea eginez! kamiseta jasoko dutela oroigarri bezala. Dena den, maratoi erdirako finisher domina berezi bat ere ari dira prestatzen. Ibilbidea azken urteetako berdina izango da, eta animazio puntu batzuk ere jarriko dituzte "lasterketa festa" ere izan dadin.

Rock The Sports atari digitalean eman daiteke izena, bai lasterketa motzerako baita maratoi erdirako ere. Martxoaren 23ra arteko epea izango dute interesa dutenek horretarako. Dena den, prezioa desberdina izango da izena ematen den epearen arabera. 8 kilometroko lasterketari dagokionez, 15 euro ordaindu beharko dute izen-ematea martxoaren 16a baino lehen egiten dutenek; aldiz, 20 euro ordaindu beharko dute inskripzioa martxoaren 16tik 23ra bitartean ematen dutenek.

Maratoi erdiari dagokionean, lau prezio finkatu dituzte antolatzaileek. Federatuek eta federatu gabeek prezio desberdina izango dute izen-emate epearen arabera. Federatuta daudenek, 22 euro ordaindu beharko dute izen-ematea urtarrilaren 31a baino lehen egiten badute; urtarrilaren 31tik otsailaren 28ra bitartean, 24 euro; otsailaren 28tik martxoaren 16ra, 27 euro; eta hilaren 16tik 23ra bitartean, 32 euro. Federatu gabeek, bestalde, 25 euro ordaindu beharko dute izen-ematea urtarrilaren 31a baino lehen egiten badute; urtarrilaren 31tik otsailaren 28ra bitartean, 27 euro; otsailaren 28tik martxoaren 16ra, 29 euro; eta hilaren 16tik 23ra bitartean, 35 euro.