'Parte hartu ala ez parte hartu, hori da gakoa' saioarekin hasi dira Foru Aldundiaren eta UIKren jardunaldiak

Maialen Etxaniz 2023ko urt. 27a, 14:09

Azpeitian egin zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EHUren Uda Ikastaroen Fundazioak antolatutako Partaidetza aztergai: nahi, ahal, jakin izeneko solasaldi zikloaren aurreneko saioa. Besteak beste, partaidetzan eragiten duten konfidantzarako gakoak, partaidetzan lagundu ez duten auzien inguruko esperientziak eta partaidetzan lagundu dezaketen auzien inguruko hausnarketak izan zituzten hizpide saioan zehar. 

Partaidetza aztergai: nahi, ahal, jakin izeneko solasaldi zikloa prestatu dute, eta atzo ekin zioten jardunaldiei Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Hain zuzen, Azpeitian egin zuten solasaldi zikloko aurreneko geldialdia. Aldundiak azaldu duenez, hitzaldi zikloaren helburu nagusia da "gaur egungo errealitatean eta Gipuzkoako testuinguru zehatzean partaidetzan eragiten ari diren gakoetan arreta jartzea", eta horiez hausnartzea, "ahalik eta modu barneratzaileenean". Norabide horretan, "partaidetzan esku hartzen duten aktore ezberdinen kezkak eta ekarpenak" jaso nahi dituzte, eta "hutsuneetan eragiteko gomendio, ideia eta egitasmoak sortu".

Nahi: Parte hartu ala ez parte hartu, hori da gakoa izeneko saioa egin zuten Sanagustinen, 16:00etatik 19:30era, eta adin eta sektore anitzetako hamarnaka lagunek parte hartu zuten bertan. Aurrena, Igor Ahedok hartu zuen hitza. EHUko irakaslea da Ahedo eta partaidetzan eragiten duten konfidantzarako gakoak izan zituen hizpide solasaldian zehar. Esaterako, errespetua, enpatia eta onartua sentitzea konfidantzaren perzepzioan eragiten duten gakoak direla aipatu zuen. Zehazki, eremu desberdinetan parte hartu nahi izateko ezinbestekoak diren hamar gako eskaini zituen Ahedok. Horren ostean, mahai ingurua izan ziren, eta hitza hartu zuten erakundeetako hiru arduradun politikok, udaletako teknikariek eta hainbat norbanakok. Mahai inguru horretan partaidetzan lagundu ez duten auzien inguruko esperientziak eta partaidetzan lagundu dezaketen auzien inguruko hausnarketak izan zituzten hizpide. Bakoitzak bere esperientzietatik hitz egin zuen tarte horretan. Jarraian, talde txikietan banatutako eztabadairako guneak osatu zituzten, azpitaldeetan banatuta, eta horietan ateratako ideiak partekatu zituzten bukaerako plenarioan. Honako hauek izan ziren atera zituzten ondorioetako batzuk: Agintarien arloan, ezinbestekoa ikusten dute alderdien arteko harreman zuzena eta kultura politikoa, eta ziklo elektoralak gaindituko dituzten adostasun minimo batzuk adostea. Era berean, administrazio barruan eraginkortasuna bilatzearen garrantzia aipatu zuten, zenbait kanal arintzeko. Udal langileek partaidetzarako baliabideak bermatzearen ezinbestekotasuna identifikatu zuten. Herritarrek, beren aldetik, elkarrizketaren eta entzutearen kulturaren beharra aipatu zuten, baita erakundeen eta herritarren arteko kanal berriak sortzearen garrantzia aipatu ere. Beste ondorio bat ere atera zuten atzoko saioan: "Erakundeak izan ohi partaidetza espazioak irekitzen dituztenak une zehatzetan, baina alderantzizko kanalak sortzea ere garrantzitsua da, herritarrek behar dutenean hitz egiteko eta arduradun politikoek haiek entzuteko". 

Alaia Martinek eta Onintza Enbeitak borobildu zuten atzoko saioa, hitzaldian zehar hitz egindakoak laburbildu eta ideia horiek bertsotan adieraziz.

Zikloa osatuko duten beste bi saioak Donostian egingo dituzte: egun osoko jardunaldia otsailaren 25ean, Miramar jauregian; eta hiru orduko beste bat Okendo kultur etxean, martxoaren 24an. Zikloaren saioak doakoak izango dira, baina parte hartu nahi dutenek aurrez eman dezakete izena UIKren webgunean. Publiko orokorrari, unibertsitateko zein unibertsitatez kanpoko ikasleei, irakasleei, profesionalei zein partaidetza inguruan ari diren aktore desberdinei zuzendutako saioak izango dira, antolatzaileen esanetan.