Herri Hezitzailea egitasmoaren diagnosia eguneratzen hasi dira

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 28a, 09:00
Asteazkeneko bilera, Basazabalen. (Azpeitiko Udala)

2018an egindakotik abiatuta, hark emandakoak aztertu eta aurrera begirako erronkak identifikatzeko elkartuko dira egitasmoan parte hartzen duten eragileak. Joan den asteazkenean egin zuten lehen bilera, eta beste bi egingo dituzte otsailaren 28an eta martxoaren 28an.

Herri Hezitzailearen diagnosia eguneratzeko prozesua martxan jarri dute aste honetan. "Fase berri bati ekiteko nahia eta beharra sentitu" dute egitasmoaren sustatzaileek; herriko ikastetxeek, udalak, hezkuntza ez formaleko eragileek eta herrigintzakoek elkarlanean garatzen duten egitasmoa da Herri Hezitzailearena. 2018an egin zuten diagnosia abiapuntu hartuta, han jasotakoetatik zer egin den kontuan hartu, eta aurrera begirako erronkak identifikatu nahi dituzte.

Hiru bilera edo saio antolatu dituzte horretarako, eta arloz arlo landuko dute horietan diagnosiaren eguneratzea. Lehendabizikoa joan den asteazkenean egin zuten, eta egitasmoan parte hartzen duten eragileetako 20tik gora ordezkari elkartu ziren han. Basazabal jauregian egin zuten bilkura, eta toki berean egingo dituzte beste biak ere, 17:30etik 19:30era, otsailaren 28an eta martxoaren 28an. Otsaileko saioan, "arlo bakoitzak diagnosiaren eguneraketa aurkeztuko du, eta erronka berrietatik zeintzuk egin daitezkeen elkarrekin erabakiko dute". Martxoko hirugarren eta azken saioan, berriz, "hezkuntza elkargunea ezaugarrituko" dute: "Elkarrekin garatu beharreko erronkak lantzeko plangintza definitu eta hori aurrera eraman ahal izateko Hezkuntza Foroan egon beharko duten eragileak eta ardurak zerrendatuko dituzte".