Adinekoen zaintzaren garrantzia herriratzeko jardunaldiak antolatu ditu udalak

Ihintza Elustondo 2023ko urt. 27a, 11:40
Leire Goenaga eta Nagore Alkorta, jardunaldiak aurkezten. (Ihintza Elustondo)

Adinekoen zaintzaren garrantzia mahai gainean jartzeko helburuarekin, hiru hitzaldi antolatu ditu Azpeitiko Udalak; otsailaren 1ean, 8an eta 15ean izango dira saioak, 18:00etan, Azoka Plazako lehen solairuan. Gizartearen zahartzearen bilakaera, udalak erronka horri aurre egiteko esku artean dituen politika publikoak nahiz bidean diren azpiegiturak eta adinekoen bakardadea landuko dituzte.

Biztanleriaren zahartzeari aurre egitea izango da datozen urteotako erronka nagusietako bat, eta horren harira, adinekoen zaintzaren garrantzia mahai gainean jartzeko helburuarekin, jardunaldiak antolatu ditu Azpeitiko Udalak. Besteak beste, gizartearen zahartzearen bilakaera, udalak erronka horri aurre egiteko esku artean dituen politika publikoak nahiz bidean diren azpiegiturak eta adinekoen bakardadea landuko dituzte egitasmoaren barruan. Guztira, hiru saio egingo dituzte, Adinekoen zaintzaren garrantzia izenburupean; otsailaren 1ean, 8an eta 15ean izango dira hitzaldiak, hiru asteazkenetan, hain zuzen ere. Solasaldi guztiak herritarrentzako irekiak izango dira, eta 18:00etan egingo dituzte, Azoka Plazako lehen solairuan. Bertaratzeko, ez dago aurrez izenik eman beharrik.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eman dituzte jardunaldien gaineko xehetasunak. Alkortaren arabera, udala azken urteotan egiten ari den ibilbidearen "isla" izango dira jardunaldiak. "Gizarte Zerbitzuak, eta hein handi batean, adinekoak eta mendekotasunen bat duten pertsonak gure politiken ardatz dira, eta testuinguru horretan kokatzen dugu egitasmoa", esan du alkateak. Bide horretan, adinekoen egoera eta haiek duten bizi kalitatea ezagutzeko helburuarekin, hainbat ikerketa egin ditu udalak azken urteotan, eta gaur-gaurkoz, martxan dute bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako herritarrren gaineko ikerketa. "Arazoa konplexua dela jakinik ere, gaiari integralki heltzeko, egoera aztertzeko eta irtenbiderako beharrezko politika publikoak martxan jartzeko konpromiso osoa dugu", zehaztu du.  

Siis dokumentazio eta ikerketa zentroak Azpeitiko Udalarentzat egindako ikerketaren arabera, 2031. urtean azpeitiarren ia laurdenak 65 urtetik gora izango ditu; urte horretarako 3.900 adineko baino gehiago izango direla aurreikusten da. Horietatik 500 herritar baino gehiagok, gainera, 80 urtetik gora izango dituzte, eta mendekotasuna dutenen kopurua %38 haziko dela aurreikusten da. "Mendekotasunari eta zahartzaroari aurre egitea eta bizitzako etapa horri ahalik eta egokien erantzutea guztioi egokituko zaigu. Horregatik, batez ere, gaia landu, gaiaz hausartu eta adinekoen bizi kalitateari eusteko baliabideen berri ematea nahi dugu jardunaldietan", adierazi du alkateak.

Hiru gai, hiru saio

Goenagak, bestalde, saio bakoitzaren nondik norakoak azaldu ditu. Lehen saioan, otsailaren 1ean, Azpeitiko Udalaren enkarguz Siis dokumentazio eta ikerketa zentroak duela hiru urte egindako ikerketaren emaitzak azalduko ditu Madalen Saizarbitoriak; hark garatu zuen azterketa. Azterketa horretan demografiaren eta gizartearen zahartzearen inguruko datu objektiboak bildu dituzte, eta hortik abiatuta, sortuko diren beharrak ere azaleratu dira. "Azterketa horretan, besteak beste, etxebizitza tutelatuen beharra atzeman zuen udalak, eta dagoeneko martxan dira hamasei etxebizitza tutelatu eraikitzeko lanak", adierazi du Goenagak. Proiektu hori zein beste zenbait udal baliabide aurkeztuko dituzte Goenagak berak eta Edurne Zubia udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradun teknikoak lehen solasaldian.  

Otsailaren 8an, bestalde, bakardadearen gaia izango dute hizketagai. Javier Yanguas gerontologoa eta psikologian doktorea nahiz Ainhoa Becerra Adinberri fundazioko berrikuntza ataleko arduraduna ariko dira solasean. Adinberri fundazioaren Hariak estrategiaren inguruko xehatasunak azalduko dituzte horiek. 

Otsailaren 15ean, azkenik, Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Perdillegin egitea hitzartu zuten zentro balioaniztunaren inguruko xehetasunak azalduko dituzte. Mendekotasuna duten pertsonentzako gunea izango da hori, eta udaleko, Foru Aldundiko nahiz proiektua garatu duen Matia fundazioko ordezkariek hitz egingo dute egitasmoaz. Zehazki, Matia institutuko Maider Azurmendik eta Enrique Etxeberriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak eta Azpeitiko alkateak parte hartuko dute azken saioan. 

Jardunaldiak

Hona hemen jardunaldien egitaraua:

  • Otsailak 1, asteazkena.

-Gaia: Azpeitiko adineko pertsonen beharren analisiaren aurkezpena eta udaleko baliabideak eta etxebizitza tutelatuak.
-Hizlariak: Siiseko Madalen Saizarbitoria eta Azpeitiko Udalako Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu Leire Goenaga eta arduradun tekniko Edurne Zubia.

  • Otsailak 8, asteazkena.

-Gaia: Bakardadea eta Adinberri elkarteko Hariak estrategiaren nondik norakoak.
-Hizlariak: Javier Yanguas eta Adinberri elkarteko Ainhoa Becerra.

  • Otsailak 15, asteazkena.

-Gaia: Mendekotasuna duten pertsonentzako Perdillegiko zentro balioaniztunaren proiektua.
-Hizlariak: Matia institutuko Maider Azurmendi eta Enrique Etxeberria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Peña eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea.