Etxean da Txikon

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 25a, 09:46

Manaslu (8.156 metro) neguan igotzeko asmoarekin abiatu zuen espedizioa duela hilabete eta erdi, eta helburua lortuta, dagoeneko bueltan da Azpeitian bizi den mendizale lemoaztarra.

Alex Txikon mendizalea atzo arratsaldean iritsi zen Euskal Herrira, bere azken espediziotik bueltan. Azpeitian bizi den lemoaztarrak duela hilabete eta erdi hartu zuen Nepalerako bidea, hain zuzen ere, atzo lurrartu zuen toki beretik, Loiuko aireportutik. Himalaiako Manaslu (8.156 metro) mendia zuen jopuntuan orduan, eta helburua, munduko zortzigarren mendi altuenaren tontorra neguan zapaltzea. Ez zuen lehen saiakera –iazko urtearen hasieran ere saiatu zen–, baina, oraingo honetan, helburua lortuta eta pozik bueltatu da etxera. Orain, indarrak hartzea dagokio mendizaleari. Etxeratu aurretik, baina, eskerrak eman zizkien abenturan lagun izan dituenei eta espedizioa zein treckingak pausoz pauso jarraitu dituzten guztiei.