Alaitz Melgar: "Gure amonaren bizitza misterio bat izan da familian"

Alaitz Melgar. (Utzitakoa)

Euskal Herriko historia hurbila arakatzeko Tene Mujika beka irabazi du Alaitz Melgar barakaldarrak, eta bere amona Josefa Agirreren bizitza ikertzeko baliatuko du; azpeitiarra zen Agirre.

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak ematen duten Tene Mujika beka Azpeitiarekin lotura duen gai bat jorratzeko izango da aurtengoan. Euskal Herriko historia hurbila arakatzeko proiektuak saritzen ditu beka horrek, fikziozkoak ez direnak, eta aurtengo laguntza Alaitz Melgarrek (Barakaldo, Bizkaia, 1984) eskuratu du. Bere amona Josefa Agirre azpeitiarraren bizitza ikertzeko baliatuko du beka Melgarrek, eta urtebeteko epea izango du horretarako.

Nolatan bururatu zitzaizun zure amona Josefa Agirreren bizitza ikertzea?

Gure amonaren bizitza misterio bat izan da gure familian, ezkutuan egon den istorio bat. Neskame ibili zen dirudunen etxeetan, eta gero, Ingalaterrara alde egin zuen eta han haurdun gelditu zen. Ez zen sekula ezkondu eta guraso bakarra izan zen. Pentsa, nire ama 1955ean jaio zen, eta garai hartan ezkongabea eta ama bakarra izatea bekatu mortala zen. Hori besterik ez dugu jakin izan; guk ez genion galdetzen  eta berak inoiz ez zuen ezer kontatu. Beti sortu izan dit jakin-mina historia horrek, amonaren eta amaren historia ez ezik, nirea ere badelako, baina familian horren ondo gordetako sekretua izanik, orain arte ez naiz ausartu ezer galdetzera.   

Zure amonak ezer kontatzen ez bazuen, zure amak ere ez zuen askorik jakingo bere aitari eta bere haurtzaroari buruz...

Ez, eta horregatik edo beste arrazoiren batzuengatik, baina nire amaren eta amonaren arteko harremana beti izan da nahiko korapilatsua eta zaila. Nire amaren nortasun agirian jartzen zuen Ingalaterran jaioa zela eta gertukoenek bazekiten hor atzean bazela istorio bat, gutxienez kuriosoa, baina inoiz ez dugu jakin izan nire amaren aita nor izan zen. Nire amak sekula ez zuen bere aita ezagutu.  

"Garai hartan ezkongabea eta ama bakarra izatea bekatu mortala zen"

Nolatan erabaki duzu orain  hori ikertzen hastea?

Beti gustatu izan zait idaztea, beti nahi izan dut idazlea izatea, eta orain dela hiru bat urte, zerbait idatzi behar nuela esaten hasi nintzaion neure buruari. Halaxe, eleberri bat idazten hasi nintzen beste kutsu batekoa, baina joan den irailean Tene Mujika bekaren berri izan nuen, eta ikusi nuen perfektua zela nire amonaren bizitza ikertzeko eta kontatzeko. 

Beka orain eman dizute, beraz, ikerketa lanik mardulena egiteko izango duzu oraindik; baina, honezkero, zerbaitetan hasita izango zara...

Beka eskatzeko ikertu asmo duzun horren inguruko aurkezpen txiki bat egin behar izaten da, eta oraingoz, horixe da egin dudana. Amaren familian galdezka ibili naiz; zehazki, nire amaren izeba batekin hitz egiten egon nintzen, amonaren ahizpa gazteenarekin, Azpeitikoa bera. Haren testigantza izan da Tene Mujika beka eskatzeko egin dudan proposamenaren oinarria.

Behin beka lortuta, nola bideratuko duzu ikerketa?

Urtebeteko epea daukat amonaren bizitza ikertzeko eta idazteko. Tene Mujika bekari esker sortutako lanak ezin du fikziozkoa izan, hori da beka jasotzeko baldintzetako bat; beraz, erabaki dut ikerketaren emaitza biografia formatuan aurkeztea, biografia horren barruan lanketa literarioa eginda.

Datorren urtebetean buru-belarri ikerketara eta idazketara jartzeko modurik ba al daukazu?

Nahiko nuke urtebetez honetara jartzea, baina ez. Irakaslea naiz Iralen, irakasleei euskara irakasten aritzen naiz, funtzionarioa naiz, eta ez daukat lana albo batera uzterik ikertzen hasteko; beraz, nola edo hala, bi gauzak uztartu beharko ditut. Lehendik ere kontziliaziorako nahikoa lan izaten ez badugu, orain lan gehigarri bat izango dut esku artean, baina, egia esan, gustura egingo dudan lana izango da. Badakit denbora asko eskatuko didala, liburu asko irakurri beharko ditudala garai hartako testuingurua aztertzeko, artxiboetara jo beharko dudala, agian Ingalaterrara ere bai... Auskalo nondik nora eramango nauen amona Josefak.

Aurrez sekula egin al duzu gisa honetako ikerketarik?

Filologoa naiz, ez naiz historialaria, eta sekula ez naiz aritu horrelako lanetan. Hala ere, lagun nazaketen ezagunak eta lagunak baditut, gisa honetako lanetan ibiliagoak diren historialariak eta, eta Tene Mujika sarira aurkezterako ere haiengana jo nuen aholku eske. Beraz, alde horretatik lasai nago, inguruan badaukadalako bideratuko nauen jendea. Dena dela, haiek lagunduko didaten arren, neuk egin beharko dut lana. Urtebete honetan gauza berri asko ikasi beharko ditut.

"Badakit antzerako bizipenak izango zituzten emakume asko egongo direla"

Zailtasunak zailtasun, erronka polita duzu esku artean, ezta?

Bai, bai, gogotsu nago eta ilusioa egiten dit familiaren historia argitzeko lanketa egiteak. Jakitun naiz agian ez naizela iritsiko nahiko nukeen bezain sakonera, egia oso-osoa argitzera, baina ziur naiz orain dakiguna baino gehiago jakinda bukatuko dudala abentura hau guztia. Eta niri ez ezik, iruditzen zait Azpeitiko familiari ere gustatuko zaiola orain dakitena baino zerbait gehiago jakitea.

Zure amonaren historia partikularra ikertuko duzu zuk, baina antzerako historia duten emakume gehiago ere izango da ziurrenik...

Bai eta, hain zuzen ere, hori izan zen nire proposamena. Nik kasu konkretu bat kontatuko dut, eta argi dago bere berezitasunak izan ditzakeela, baina jakitun naiz antzerako bizipenak izango zituzten emakume asko egongo direla Euskal Herrian, amona Josefa asko egongo direla hor zehar, eta horien guztien familientzat ere baliagarria izan daitekeela nik egingo dudan ikerketa lana. Gainera, ziur naiz ikerketak azaleratuko dituela duela mende bat emakumeek pairatzen zuten zapalkuntza, dirudunen etxeetara neskame joaten zirenen bizi baldintzak eta beste hamaika kontu.