Sansebastianak 2023

Herriko bandera jaitsita, agur sansebastianei

Hotzari aurre eginda, herritar ugari atera ziren atzo gauean kalera, banderaren jaitsierako danborrada ikustera. Zortzi taldek egin zuten desfilea, eta plazan bukatu zuten jarduna, danborradako piezak jota. Gauerdiarekin jaitsi zuen bezperan igotako herriko bandera Nagore Alkorta alkateak.

Hotzak hotz, giro ezin hobean bukatu dituzte herritarrek sansebastianak. Ostirala izanik ohi baino jende gehiago atera zen kalera 2023ko azken danborrada ikustera, eta halaxe, banderaren jaitsieran parte hartzea tokatzen zitzaien sei taldek (Oñatzbideko gastadoreak, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza eta Presoen lagunak) eta festara batu ziren beste bik (Baszabal eta Iraurgi SB) ibilbidea egin zuten Alde Zaharrean barrena.

Plazan elkartu ziren ondoren talde guztiak, eta Udal Musika Bandak lagunduta jo zituzten danborradako piezak. Gauerdian, gainera, herriko bezperan igotako herriko bandera jaitsi zuen Nagore Alkorta alkateak. Plazan nabari zen ostirala zela; beste urteetan baino jende gehiago izan baitzen banderaren jaitsierako danborrada ikusten eta festa giroaz gozatzen.

Asteburua izanik, gaur eta bihar jai giroko hainbat ekintza izango dira herrian. Hona hemen egitaraua:

Gaur, zapatua.

  • 22:00. Trini Fox, Ro eta Willis Drummond taldeen kontzertuak, Sanagustin kulturgunean.

Bihar, igandea.

  • 12:00. Zezen Beltzek antolatuta, sokako zezen txikia Erdikaletik plazara. Ondoren, Bergarako Zezenak ganadutegiko zezen txikiak eta poniak plazan.
  • 16:30. Zinuema: Gabi filma. UEMAk eta Tinkok zinema aretoetan euskarazko eskaintza bermatzeko sortu duten egitasmoaren barruan emango dute filma.
  • 16:30.Erdikalean hasita, sokamuturra; ohiko ibilbidea izango du 20:00etara bitartean. Bergarako Zezenak ganadutegiko zezenak izango dira
Erlazionatuak

Jai giro bikainean isildu dituzte danbor hotsak Azpeitian

Azpeitia

Datorren urtera arte agurtu dituzte danborradak Azpeitian, herriko banderaren jaitsierako danborradarekin. Helduen danborradako zortzi taldek parte...