Sansebastianak 2023

Aterpean baina betiko festa giroan egin dituzte ikastetxeetako danborradak

Maialen Etxaniz 2023ko urt. 19a, 17:50

Euriak baldintzatu ditu herriko ikastetxeetako danborradak, eta aterpean ospatu dute danborren festa. Ikasberrin eta Karmelo Etxegarain ohiko ordutegian egin dituzte danborradak, baina Iraurgin ordu erdi beranduago ekin diote jaiari. Eguraldiak ez du festa zapuztu, eta ikasleek gogotik gozatu dute sansebastianetako pizak jotzen. 

Herriko ikastetxeetako haurrak dagoeneko murgildu dira San Sebastian jaietan, eta gogotik astindu dituzte atabalak; izan ere, gaur arratsaldean egin dituzte ikastetxeetako danborradak, euriak baldintzatuta. Aterpean egin dute danborren festa Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Iraurgi Ikastetxean zein Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain.  

Ikasberrin 16:00ak pasatxoan ekin diote danborradari, eta guraso ugari bertaratu da haur eta gaztetxoak ikustera. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain bi danborrada egin dituzte arratsaldean: Euskal Herria kaleko eraikineko Haur Hezkuntzako ikasleek 15:30ean hasita egin dute desfilea ikastetxeko lehen solairuan; eta Lehen Hezkuntzakoek Perdillegi kaleko eraikinaren frontoian egin dute danborrada, 16:00etan hasita. Perdillegin ere jendetza elkartu da ikasleen danborrada ikusteko. Iraurgi ikastetxean ohi baino beranduago hasi da jaia. Hain zuzen, 16:30ean ekin diote danborradari, Betharrametako frontoian. Aurten, berrikuntza bezala, gurasoek ere parte hartu dute festan, eta haurrekin batera astindu dituzte atabalak, sansebastianetako ohiko doinuak ari ziren bitartean.