Ekindarren lanak geldiarazteko eskaerak atzera bota ditu epaileak

Ekindarrek eguzki plakak jartzeko lanak egiten ari den eremua, Urrestillan. (Ihintza Elustondo)

Bizilagun batzuek eta ENBA sindikatuak udalak adostutako Plan Bereziaren kontrako helegite bana aurkeztu zuten, eta kautelazko neurri gisa, urtarrilaren 2an hasitako lanak geldiarazteko eskatu. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak atzera bota ditu lanak geldiarazteko eskaerak; beraz, lanekin inolako arazorik gabe jarraitu ahal izango dute aurrera helegiteak argitzen diren bitartean.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazion tramitatzen ari diren Arrunta 970/2020 eta 995/2022 errekurtsoetan udalaren ordezkaritza eta defentsa izendatzeko alkatetzak emandako ebazpenak berretsi zituen joan den asteartean Azpeitiko udalbatzak, EH Bilduren aldeko bozekin, eta nahiz eta EAJko kideak abstenitu. Bi errekurtso horiek Ekindar proiektuarekin dute lotura. Hain zuzen ere, bizilagun batzuek eta ENBA sindikatuak udalak adostutako Plan Bereziaren kontrako helegite bana aurkeztu zuten, eta kautelazko neurri gisa, urtarrilaren 2an hasitako lanak geldiarazteko eskatu. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, baina, atzera bota ditu lanak geldiarazteko eskaerak; beraz, lanekin inolako arazorik gabe jarraitu ahal izango dute aurrera helegiteak argitzen diren bitartean.

Helegite horiek direla eta, udalak bere defentsarako abokatu bat izendatu behar izan zuen, eta udalbatzak hari emandako baimenak berretsi zituen astearteko bilkuran; bete beharreko izapide bat besterik ez zen izan, beraz.

Ekindarreko kontseilu errektoreak, bere aldetik, bazkideei jakinarazi die udalak eta Ekindarrek egindako tramite urbanistiko guztiak aztertu dituela eta ondo eginda daudela balioetsi duela.

Amaia Etxeberria EAJren bozeramaileak adierazi zuen Ekindarrekiko bere alderdiak duen posizioa aurrez ere garbi utzi zutela. "Proiektuarekin sinesten dugu, kokapenarekin ez. Horregatik, gaur eskuartean dugun kontuak kokapenarekin zerikusia duelako, koherenteak izango gara eta abstenitu egingo gara".