RO MUSIKA TALDEA

RO: "Disko berriko abestiak luzeagoak dira, baina pasarte ugari gertatzen da horietan"

Maialen Etxaniz 2023ko urt. 18a, 12:30

Gorka Alcaldek, Josu Usobiagak, Iñigo Gonzalezek, Mikel Iraetak eta Iker Amenabarrek osatzen dute RO, eta zortzi abestiz osatutako Baiagoan diskoa egin berri dute. Aurreko diskoa baino "landuagoa" dela aurreratu dute, baita elementu elektronikoek protagonismo handiagoa dutela ere. Gainera, adierazi dute abestien estiloak "muturrerago" eraman dituztela disko berrian. Larunbatean aurkeztuko dute diskoa Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Emanaldiaren atarian, Matadeixen elkartu da boskotea egindako lanaz solasteko.

Azpeiti-Azkoitiko RO musika taldeak, bigarren diskoa kaleratu berri du, Baiagoan izeneko lana. Larunbatean aurkeztuko dute Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

Gorka Alcaldek, Josu Usobiagak, Iñigo Gonzalezek, Mikel Iraetak eta Iker Amenabarrek osatzen dute RO, eta zortzi abestiz osatutako lana ondu berri dutena. Lan eta ordu asko eskaini dizkiote labetik atera berri duten proiektuari, eta gustura daude emaitzarekin. Aurkezpen kontzertuaren atarian, Matadeixen elkartu gara boskotearekin. Orain arteko ibilbideak "esperientzia hartzeko" balio izan diela kontatu dute, eta zer egin nahi duten "argiago" dute orain.

Athalase izan zen ROk plazaratutako lehen diskoa, eta Baiagoan da bigarrengoa. Ondu berri dutena landuagoa dela diote, eta larunbateko kontzertua isilune gutxikoa eta intentsitate handiko zuzenekoa izango dela aurreratu dute.

"Esperantzarekin eta gozatzeko prest" ekin dio ROk 2017an hasitako ibilbideko etapa berriari. Aurreneko geldialdia larunbatean egingo dute Azpeitian, 22:00etatik aurrera, Sanagustin kulturgunean. Trini Fox eta Willis Drumondekin batera.