Hainbat orduz itxita izan ostean, zabaldu dute Urrakiko errepidea

Julene Frantzesena 2023ko urt. 18a, 08:08

Trafiko Zuzendaritzak 12:20 aldean emandako datuen arabera, Urraki zabalik dago ibilgailu guztientzat. Mandubiako errepidea ere garbitu dute dagoeneko, eta ibilgailu guztiak igaro daitezke handik. Elosuan, Azkaraten, Meagan eta Bidanian ere kontuz gidatzea gomendatu dute, elur dezente egin duelako.

Iragarrita zegoen moduan, elurra egin du bart Azpeitia inguruko mendietan eta mendateetan; goizaldean ia herriguneraino ikus zitekeen estalki zuria. Elurra tarteko, hainbat eragozpen sortu dira, batez ere, bigarren mailako errepideetan, baina eguerdirako, errepideak garbitu eta lehengoratu dituzte.

Trafiko Zuzendaritzak 12:20 inguruan eguneratutako datuen arabera, hainbat dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan itxita jarraitzen duten mendateak, baina, Urraki, adibidez, ibilgailu guztientzat zabaldu dute dagoeneko. Mandubiatik igarotzeko autoek kateak behar izan dituzte goiz partean, baina dagoeneko garbitu dute eta ibilgailu ororentzat irekita dago errepide hori ere.

Azkarate ere itxita izan da hainbat orduz, baina arazoak konponduta, zabalik da berriro ere. Han bezalaxe, Elosuan, Meagan eta Bidanian ere egin du elurra, eta errepide horiek denak zabalik badaude ere, kontuz gidatzea gomendatu du Trafiko Zuzendaritzak.

Errepideetako egoera Trafikoa.eus webgunean kontsulta daiteke.