Sansebastianak 2023

Goizez ere badira sansebastianak

Erredakzioa 2023ko urt. 20a, 07:30
Udal Musika Bandako nahiz Gure Ametsako kideak eta hainbat herritar parrokian, San Sebastian egunean.

San Sebastian egunean herriko kaleetan izango da zer ikusia eta zer egina. Azpeitiar gehienak oraindik lo dauden bitartean, meza eta prozesioa egiten dituzte hainbat herritarrek. Gainera, Gure Ametsa eta Ardozaleak taldeek, Udal Musika Bandarekin batera, danborrada berezia eskaintzen dute Soreasuko Sebastian Donearen parrokiaren barruan.

Azpeitiko biztanleriaren erdia baino gehiago lo dagoen bitartean, San Sebastian egunez, goizean, mugimendua izan ohi da herriko kaleetan. Bezperako festaren beste aldea da, ezezagunena ziurrenik, baina herritar asko elkartzen dituena.

09:30ean hasita, Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeak kalejiran ibiltzen dira, Udal Musika Bandarekin eta musika eskolako txilibiteroekin. 10:15ean, udal ordezkariak plazan elkartu eta Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara joaten dira. Goizeko meza horren hasieran parte hartzen dute bi danbor taldeek; parrokia barruan danborrak eta barrikak jotzen dituzte kideek. Danborrada berezi hori bi konpainien San Sebastian jaietako unerik gogokoena bihurtu da. Eta bi taldeena ez ezik, hainbat herritarrena ere bai.

Bi urteko etenaren ondoren, berriro egingo dira aurten parrokiako danborrada eta elizkizun bereziak. 09:00etan Frantziskanetako elizan meza eskainiko du Kepa Susperregi erretoreak, eta 10:30ean, prozesioa egingo dute Alde Zaharrean. Parrokiara iristean, han izango dira Ardozaleak eta Gure Ametsa elkarteetako zein musika bandako kideak. Horiek San Sebastian Martxa joko dute elizara sartzean.

"1997. urtea izango zen gutxi gorabehera. Patxi Aizpitarte eta biok iritsi berriak ginen Azpeitira. San Sebastian eguneko goiza zen, eta eguraldi oso txarra ari zuen. Parrokiako ateak zabaldu eta danbor jotzaileek kanpoko arkupeetatik joko zutela esan ziguten. Bi aldiz pentsatu gabe, barrura sartzeko eskatu nien, hoztu eta gaixotu egingo zirela eta". Hala gogoratu du Susperregik parrokia barruan danborrak jotzeari ekin zioten lehen aldi hura. Handik hilabete gutxira, parrokiako liturgia batzordean danborrada eliza barruan urtero egiteko asmoa agertu zuten, eta harrezkero, hala egiten dute. Susperregiren esanetan, parrokia barruan danbor eta barrika hotsak entzuten direna "une oso berezia eta polita" izan ohi da.

Kepa Urbieta Gure Ametsako zuzendariak ere hala uste du, eta eliza barruan jo ostean egiten duten hamaiketakoa ere ekarri du gogora: "Hamaiketakoak ere ematen dio indarra goizari. Parrokiako danborradako zarata eta mokadua, biak izaten dira politak". Izan ere, bezperako danborradaren ondoren, "batik bat parranda eginez gero", goizean goiz jaikitzea ez dela erraza onartu du. Horregatik, parranda luzatzen zaienentzat gosari berezia prestatzea pentsatzen ari dira Gure Ametsako batzordekideak: "09:00etarako elkartzen gara kafea hartzeko eta prestatzeko. Aurten, salda edo baratxuri zopa prestatzea pentsatu dugu, baina ikusiko dugu, inoiz ez da egin halakorik eta...".