Sansebastianak 2023

Urteko jairik ederrena

Mane Garcia (Sanjuandegi taldeko zuzendaria) 2023ko urt. 19a, 08:22
Mane Garcia.

Mane Garcia Sanjuandegiko taldeko zuzendariak honako iritzi hau idatzi du Uztarriak sansebastianen bueltan kaleratu duen gehigarri berezirako.

Danborradarena beti izan da urte osoko egunik politenetakoa. Gogoan dut danborrada ikustera irteten nintzela eta inbidia handia sentitzen nuela, ezin bainuen ez haurrekin, ez nagusiekin parte hartu.

Taldea osatzeko aukera izan genuenean, poz handia hartu nuen; txikitako ametsa egia bihurtuko zela jakitea azaldu ezin den zerbait izan zen. Batzordeak erabaki zuen nik izan behar nuela zuzendaria, baina hasieran ez ninduen konbentzitzen proposamenak, horrek erantzukizun handia zekarrelako berarekin, eta, gainera, danborra jo nahi nuelako nik. Dena den, batzordea oso astuna izan zen, eta atzera egin eta onartu egin nuen proposamena.

Egun hartatik aurrera, urte osoa eman nuen zuzendari izateko ikasten. Udal Musika Bandako zuzendariarengana joaten nintzen ez nekizkien notei buruz galdetzera, eta entsegu asko eginez, abesti guztiak ikasi nituen. Lana eginda, dena lortzen da.

Hala ere, jendeak oraindik galdetzen dit hainbeste urteren ondoren zergatik jartzen naizen urduri. Egia esan, dena ondo ateratzea eta iskanbilarik eta arazorik ez egotea nahi izaten dut. Taldeak gozatu egin behar du danborradaren egunean; niretzat urteko jai ederrena da.

Behin Gabonak amaitzen direnean, urduri jartzen hasten naiz, entseguetan nahiz egun handian pentsatuta. Danborradaren eguna lasai samar pasatzen dut, baina afaltzeko ordua iristen denean, urduri jartzen hasten naiz: ia ez dut afaltzen, izaten dudan tentsioarekin ez zaidalako janaria sartzen, eta nahiago izaten dut gorputzez arin atera, makila erraz mugitu ahal izateko.

Bukatzeko, egun ona pasatzea opa dizuet guztioi; goza dezazuela eta festa handia izan dadila danborrada.

Agur bat!