Otsailean hasiko da Arkupehotsaken berritutako edizioa

Julene Frantzesena 2023ko urt. 23a, 08:15
Arkupehotsaken parte hartu duten musikariak, horien bidegile izan diren sortzaileak eta Kulturazeko kideak. (Kulturaz kooperatiba)

Proiektuan parte hartuko duten lau lagunek, txandaka, sormen egonaldia egingo dute Dinamoan, eta hainbat musikari izango dituzte bidelagun prozesu horretan. Lehen egonaldia Maialen Aristegik egingo du, eta hark otsailaren 5ean eskainiko du zuzenekoa, Sanagustin kulturgunean.

Hautaketa epea urtea bukatzerako zehaztuta, Arkupehotsak egitasmoan parte hartuko duten lau musikari gazteek otsailean ekingo diote bideari. Hain zuzen ere, proiektuan parte hartuko duten lau lagunek, txandaka, sormen egonaldia egingo dute Dinamoan, eta hainbat musikari izango dituzte bidelagun prozesu horretan.

Sormen egonaldia egiten aurrena Maialen Aristegi Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) musikaria izango da. Hark Eñaut Gaztañagaren laguntza teknikoa eta Gartxon Unsainen laguntza teknikoa jasoko ditu sormen prozesuan, eta egindako lana Sanagustin kulturgunean plazaratuko du otsailaren 5ean, igandez, 18:30ean hasita.

Gainerako kideek ere datozen hilabeteetan egingo dituzte Dinamoa sormen guneko egonaldiak, eta haien zuzenekoen datak zehaztu ditu dagoeneko Kulturaz kooperatibak. Zehazki, otsailaren 26an Sanagustingo arkupeko agertokian izango da Lemak taldea, martxoaren 26an Lorea Zulaika Kadira musikaria eta apirilaren 23an Enerhitz.

Plazaz haratago

Kulturaz kooperatibak 2017an martxan jarritako proiektua da Arkupehotsak, eta lau edizio osatuta, berrituta iritsi da sortzaile berrien plaza izateko sortutako egitasmoaren bogarren aldia. Urte hauetan guztietan dozenaka talde izan dira Sanagustin kulturguneko arkupeko agertokian zuzenekoak eskaintzen. Dena den, zuzenekoetatik haratago, sormen eta transmisio proiektu osatua bilakatu du Kulturazek.

 

Gainera, hastear den Arkupehotsak egitasmoaren bidez, Dinamoa sormen guneko soinuaren eremuko ateak lehen aldiz zabalduko dituzte. Sormen egonaldia han bertan egingo dute musikari gazteek, eta beraz, han izango dute musika sortzeko, ikasteko, prestatzeko eta plazaratzeko aukera. "Doinu berrien plaza ez ezik, laborategia, ikasteko eta esperimentatzeko espazioa izango da Arkupehotsak", azaldu dute Kulturazeko kideek. Halaber, sortzaile berriei jardunerako tresnak eskaintzea ez ezik, inguruko sortzaileei balioa ematea eta belaunaldi berriei plaza ematea ere badira proiektuaren xedeak.