Emakumeen Txokoko programazio berria, prest

Maialen Etxaniz 2023ko urt. 18a, 08:40

Udaberriko Jabetze Eskolen barruan, askotariko sei ikastaro eskainiko dituzte datozen hilabeteotan. Horiez gain, hitzaldiak, dokumental emanaldiak eta liburu aurkezpenak izango dira ekainera bitartean Emakumeen Txokoan. Gainera, ekainean, Azpeitiko emakumeen oroimen historikoaren inguruko Matazak proiektua aurkeztuko dute. Urtarrilaren 23an irekiko da Jabetze Eskoletan zein beste ikastaroetan izena emateko epea, eta otsailaren 3an itxiko da. 

Prest dago Azpeitiko Emakumeen Txokoko udaberriko programazioa, eta askotariko edukiz beteta dator. Urtero bezala, Jabetze Eskolak nahiz parte-hartzeko, sentsibilizazioko eta integrazioko ekimenak antolatu dituzte Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eta Azpeitiko Udalak ekainera bitarteko. Antolatutako ekintzetako asko irekiak izango dira, baina beste hainbatetan parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa izango da, eta horretarako epea urtarrilaren 23an irekiko da, eta otsailaren 3an itxi. 

Jabetze Eskolak

Udaberriko Jabetze Eskolen barruan, sei ikastaro eskainiko dituzte: Amatasunak eta sexualitateak, batukada feminista, zoru pelbikoa lantzeko ikastaroa, telazko konpresen ingurukoa, sabel dantza tailerra eta Boterea, ahizpatasuna eta perreoa ikastaroa. 

  • Amatasunak eta sexualitateak

PLAX! zerbitzutik bideratutako saioa izango da, eta helburua da amatasunaz hausnartzeko, bizipenak partekatzeko eta elkar zaintzeko espazioa sortzea. Urtarrilaren 28an, larunbatez, eskainiko dute saioa, eta Edurne Mendizabal arituko da gidari. Tailerra hiru ordukoa izango da –10:00etatik 13:00etara–, eta Emakumeen Txokoa eskainiko dute. Bertan parte hartzeko izen-ematea hilaren 25ean itxiko da. Saioa doakoa izango da. 

  • Batukada Feminista

Ainara Sarasketak eta Arantza Albizuk eskainiko dute ikastaroa, hilean bi astelehenetan, 18:00etatik 20:00etara. Hilean egun batean Emakumeen Txokoan eskainiko dute saioa, eta beste egunean Azkoitiko Xabier Munibe ikastolan. Landunek bederatzi euro ordaindu beharko dute ikastaroa, eta langabeek, ikasleek edo pentsiodunek sei euro. 

  • Zoru pelbikoa lantzen

Saioa Baenak eskainiko du ikastaroa. Hamar saioko tailerra izango da, martxoaren 3tik maiatzaren 26ra artekoa. Landunek 22,5 euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta langabeek, ikasleek eta pentsiodunek 15 euro. 

  • Telazko... Zeeer?

Ikastaroan, telazko konpresen erabileraren inguruko datuak argitu eta norbera bere nezeserra osatzeko gai dela erakutsi nahi dute. Era berean, hilekoaz naturaltasunez hitz egiteko lekua izan nahi du tailerrak. Michaela Foltovak gidatuko ditu saioak, eta otsailaren 10ean, 17an eta 24an izango dira, 17:00etatik 19:00etara. Landunek bederatzi euro ordaindu beharko dute, eta langabeek sei euro.

  • Sabel dantza

Jaione Albenizek eskainiko du tailerra, elebitan. Otsailaren 7tik apirilaren 25era eskainiko dituzte saioak, astearteetan 18:00etatik 19:30era. Guztira, 10 saio izango dira. Langileek 22, 5 euro ordaindu beharko dute tailerra, eta langabeek 15 euro.

  • Boterea, ahizpatasuna eta perreoa

Tailer honen helburua da Booty Dance dantzen potentziala ezagutzea, "ahaldunduago sentitzeko". Horretarako, "gune seguru bat" sortuko nahi dute, eta sexualki dantza esplizituen historia, kultura eta mugimenduak ezagutuko dituzte, hala nola Twerk, Dancehall Queen eta Perreoa, "begirada feminista eta antiarrazista batetik". Ines Lasagabaster izango da bideratzailea, eta maiatzaren 16an, 18an, 23an eta 25an izango dira saioak 17:30etik 19:30era. Langileek 12 euro oraindu beharko dituzte, eta langabeek, ikasleek eta pentsiodunek 8 euro.

Askotariko ekintza sorta 

Jabetze Eskolez gain, kultur jarduerak, formakuntza saioak nahiz bestelako ekintzak antolatu dituzte Emakumeen Txokoan. Besteak beste, Leire Ibargurenek idatzitako Petare liburuaren aurkezpena, Nuestra Libertad dokumentalaren emanaldia, Zinegoak film-laburren proiekzioa eta solasaldia eta Azpeitiko emakumeen oroimen historikoa jasotzen duen Matazak proiektuaren aurkezpena iragarri dituzte datozen hilabeteetarako. 

Hona hemen jakinarazi dituzten ekintzak eta datak: 

  • Otsailak 8-15, 18:30ean: Petare: Miren Egigurenen puskak liburuaren aurkezpena, Emakumeen Txokoan
  • Martxoak 22, 18:30ean: Nuestra Libertad dokumental emanaldia, Soreasu antzokian.
  • Maiatzak 17, 19:00etan: Zinegoak, Soreasu antzokian
  • Ekainean –aurrerago jakinaraziko dute data–: Azpeitiko emakumeen oroimen historikoa jasotzen duen Matazak proiektuaren aurkezpena. 

Informazio zehatzagoa nahi dutenek eskuragarri dute Emakumeen Txokoko eskaintza jasotzen duen eskuorria