Sansebastianak 2023

Zergatik etortzen zara sansebastianetan Azpeitira?

Erredakzioa 2023ko urt. 18a, 18:00

Hainbat eta hainbat dira herritik kanpo bizi diren baina San Sebastian bezperan hutsik egin gabe Azpeitira etortzen diren herritarrak. Horietako lau dira Beatriz Zubeldia, Alex Artzelus, Irene Larrañaga eta Iosu Odriozola Ponpi. Honako galdera honi erantzun diote horiek: zergatik etortzen zara sansebastianetan Azpeitira?

Beatriz Zubeldia

Zumaian bizi da Beatriz Zubeldia azpeitiarra, eta urtero etortzen da Azpeitira San Sebastian bezperako danborradan parte hartzera.

Danborrada aurreko afariak goiz izan ohi diren arren, Zubeldiak ez du arazorik izaten garaiz iristeko. "Lanean daukadan ordutegiarekin, ez dut afaritara ordurako iristeko arazorik izaten. Normalean, 18:00 alderako Azpeitira joan ohi naiz, gauerako arropak janzten ditut, eta denbora ematen baldin badit, afal aurretik zerbait hartzera joaten naiz", azaldu du.

"Betidanik" Alkartasuna taldearekin ateratzen da danborradan. "Txikia nintzela, banderadun txiki gisa atera nintzen taldearekin, eta gaztetan, berriz, banderadun izan nintzen. Danborra jotzen, aldiz, aitaren erreleboa hartu nuenetik ateratzen naiz", jakinarazi du.

15 urte dira danborra jotzen irteten hasi zenetik, nahiz eta azken bi urteetan ez den egin festarik. Sansebastianak eta bezpe- rako danborrada oso bereziak dira Zubeldiarentzat: "Emozio handia sentiarazten dit dan- borradak. Ikaragarria izaten da gauerdian plazan kanpai-hotsak hasten diren unea. Astelehen Karnabaleko egunak irabazten dio danborradari, agian, baina... Oso gustukoa dut danborrada".

Alex Artzelus

"Apur bat nomada" dela onartzen duen arren, "astean zehar, behintzat" Gasteizen bizi da Alex Artzelus, eta azken urteetan, urtarrilaren 19ro, handik etortzen da Azpeitira.

Etxera taldetik ateratzen da azpeitiarra danborradan, eta 19 edo 20 urte zituenetik, gainera, banderadun izateko ardura du. "Esaten duten ordurako egoten naiz Azpeitian, txintxo-txintxo, afaldu eta danborradan irteteko prest. Etxera taldeko bandera eramaten dut, eta azpeitiarrak nitaz nazkatu arte, horretan jarraitzeko asmoa daukat", adierazi du Artzelusek barre artean.

Sansebastianak oso gustuko ditu Artzelusek. "Txikitatik bizi izanak, musikak... eta beste guztiak" eragin dio hari herriko jai horiek gustukoak izatea: "Txikitatik barneratu dugun zerbait da; danborrada ikusi dugu, Ikastolako entseguetan parte hartu dugu, musika bera eta jantziak oso dotoreak eta handikiak dira, eta hori dena betidanik gustatu izan zait niri".

Gainera, banderadun izateak are bereziago egiten du Artzelusen esperientzia; izan ere, udaletxeko balkoira igotzeko aukera izaten du: "Plaza leporaino beteta dela, kolore guzti horiekin ikusteak eta une hori bizitzeak, ez du preziorik. Ez naiz guztiz azpeitiarra sentitzen, Bergaran jaiotakoa naizelako, baina asko betetzen nauen festa da".

Irene Larrañaga

Irene Larrañaga Donostian bizi da, eta Gipuzkoako hiriburuko egun handia ere baden arren, San Sebastian bezperan ez du Azpeitiko hitzordura hutsik egiten. Julian Barrenetxea abesbatzaren taldearekin ateratzen da danborradan, duela 15 urtetik.

"Unibertsitateko ikasketak hasi bitartean abesbatzan kantatzen nuen, eta danbor taldea sortu zutenean, jantzia uzten zidaten parte hartu ahal izateko. Urte batean, ordea, ez zegoen jantzirik libre, eta ezin izan nuen irten. Hori gehiago gerta ez zedin, jantzia egin egin nuen, eta ordutik, urtero ateratzen naiz", adierazi du Larrañagak.

San Sebastian bezperako afarira iristeko arazorik ez du izaten gaur egun Larrañagak, baina gogoan ditu EITBn lan egiten zuen urteak. "Urte batzuetan, larri iritsi izan nintzen afarira, eskerrak jatekoa gorde egiten zidaten! Gainera, izebak ere talde berean jotzen zuen, eta bere ondoan gordetzen zidan afaritarako tokia", gogoratu du.

Danborra jotzea izan da Larrañagak beti izan duen ilusioa, eta, horregatik, pandemiako bi urteak kenduta, aukera izan duen guztietan parte hartzen du danborradan. "Hutsik egiten ez dudan herriko festa bakarrak dira. Azpeitiko jai parte hartzaileenak dira sansebastianak, eta parte hartzeko errazenak ere bai; gainerakoak mugatuagoak dira zentzu horretan. Danborradan ateraz gero, festaren parte sentitzen zara, eta hori oso garrantzitsua da", esan du.

Iosu Odriozola 'Ponpi'

Iosu Odriozola Ponpi landetarrak 40 urte baino gehiago daramatza Zarautzen bizitzen, eta urtero-urtero egiten du Za- rautz eta Azpeitia arteko bidea San Sebastian bezperan. Landeta-Egizale taldetik atera izan da beti danborradan: "Baserritar blusa normal bat erabiltzen genuen hastapenetan, eta, gero, jantzia berritu genuen; gaur egun soinean izaten dugun txalekoa erabiltzen hasi ginen, 2005 urtean edo".

Erretiroa hartuta badago ere, lan egiten zuen sasoian ere ez zuen arazorik izan bezperako afarira joateko. "Jai eskatu behar bazen, jai eskatu eta Azpeitira joaten ginen anaia eta biok, hura ere Zarautzen bizi zen eta. Urte askotan, gainera, umeen danborradako karroza eraman behar izaten genuen elkarteko kideok, eta egun hori ere jai hartutakoak gara askotan", esan du Odriozolak.

Sansebastianak asko gozatutakoa da Odriozola: "Danborrada ikaragarria da. Sortzen den giroa ezin da hitzez adierazi. Gaztetatik bizi izan dut emozioz". Danborradan irteten noiz arte jarraituko duen galdetuta, ez du erantzun zehatzik eman. "Ikusiko dugu. Nire adineko kide denek utzi diote ateratzeari, bakarrik utzi naute. Baina aurten izango naiz, eta hurrengo urtera begira, hamabi hilabete izango ditut zer egin pentsatzeko. Gainera, gazteak ilaran bultzaka izango ditu, beharbada, eta...", dio barrez.