Sansebastianak 2023

Sansebastianak

Nagore Alkorta 2023ko urt. 18a, 07:59

Nagore Alkorta alkateak San Sebastian jaien gehigarrirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Urte bukaera iritsi aurretik, herritarrak galdetzen hasiak ziren: "Zer Nagore, aurten bai, ezta? Sansebastianak ospatuko ditugu, ezta?". Eta nik gustura erantzun dut baietz, aurten badugulako festa horiek ospatzeko aukera.

Azken bi urteko geldialdiaren ostean, baietz esango diogu festak askatasunez bizitzeari; baietz, sentsibilitate nahiz bizipen desberdinetako herritarrek berriro ere gure herriko plazan bat egiteari. Urte gogorrak pasatu ditugu, eta etorriko direnak ere ez dira samurrak izango. Halere, horrek ez digu kenduko gure herriko festez gozatzeko ilusioa. Berriro ere elkartuko gara danborradako entseguetan, txokoetan, ile-apaindegian eta antzekoetan. Guztiok egun seinalatua iristeko zain... Eta guztiok esatean, neure burua ere sartu egiten dut, neu ere urtarrilaren 19ko gaua iristeko desiratzen bainago. Herritarrak kaleetan barrena danbor hots artean ikusteko gogoz, irribarreak nonahi, eta gauerdian plazan noiz juntatuko zain. Bihotzaren taupadek topea joko didate, bai, gaueko hamabietan. Kanpai hots horiek entzutean gauza bera sentituko dugu ehunka azpeitiarrek. Eta, bai, horrek ere egiten du herria: ilusioak, sentimenduak, batzen gaituzten soinuek.

Azken bi urte hauek, izan ere, eman digute bestelako kontuez pentsatzeko eta lanean aritzeko nahikoa buruhauste. Helduek nahiz haurrek ezin izan dute danborradan nahi bezala parte hartu. Eta orain iritsi zaigu gure unea. Haurrak ere prest dira beren danborradarako; danbor jotzaileak, karrozako protagonistak, kantinerak eta bestelakoak. Kolorea, kantua eta alaitasuna zabalduko dituzte gure herriko kaleetan.

Eta nostalgia puntu batekin, Amamaren danborra dokumentala etorri zait burura. Duela bi urte aurkeztutako lana, emakumeak danborradan lehen aldiz atera izana omentzea xede duen ikus-entzunezkoa. Eskerrak egindako lanari, eta eskerrak azpeitiar emakume ausart guzti haiei. Haiek gabe, emakumeak ez ginateke egongo gaur egun betetzen ditugun lekuetan, ez danborradan, ezta bizitzako beste hainbat esparrutan ere. Festak gure gizartearen isla dira, eta genero berdintasuna lortzeko lan handia egin den arren, asko dugu oraindik ere egiteko. Hori, baina, guztiok batera egingo dugu, jaietan zein egunerokoan.

Amaitzeko, sansebastianez gozatzeko mezua zabaldu nahiko nuke. Aurretik aipatu bezala, libreki baina errespetuz gozatzeko esan. Erakuts dezagun azpeitiarrok badakigula elkartasunez aritzen eta errespetuarekin bizitzen.

Eta, noski, eskerrak eman nahi dizkiet festa hauek egin ahal izateko lanean ari diren herriko eragile guztiei, danborradako batzordeko kideei eta jaietan lanean arituko diren herritarrei.

Eta besteok disfrutatu, gozatu festa handi hauez. Urtarrilaren 19an herrian zein herritik kanpo izango zareten azpeitiarroi: gauerdiko kanpaiekin, denok gogoan izango zaituztegu.

Aupa Azpeitia eta azpeitiarrak!

Erlazionatuak

Aurten bai!

Mikel Odriozola 2023 urt 17 Azpeitia