Atzeratu egin dute haurrekin filosofia modu ludikoan lantzeko ikastaroaren hasiera

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 13a, 09:51

Bihar, hilak 14, ziren ikastaroari hasiera ematekoak, baina urtarrilaren 28ra atzeratu dute lehendabiziko saioa. Hori horrela, oraindik ere eman daiteke ikastaroan parte hartzeko izena.  

Umeekin filosofia modu ludikoan lantzeko ikastaroaren hasiera atzeratu egin dute. Berez bihar, larunbata, ziren hastekoak, baina udalak jakinarazi du hilaren 28an izango dela lehen saioa. 

Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6.era arteko haurrei zuzendutako ikastaroa da eta Jakinmin Praktika Filosofikoen Elkarteko kideek gidatuko dituzte saioak. Guztira, sei saio izango dira, hilean behin larunbat arratsaldez, 17:00etatik 18:30era, Basazabal Formazio Zentroan. Hain justu honako egunetan izango dira saioak: urtarrilak 28, otsailak 4, martxoak 11, martxoak 25, apirilak 22 eta maiatzak 6.

Lehen saioa atzeratu egin dutenez, oraindik zabalik da izen-ematea honako formularioa betez edota udaleko Hezkuntza Zerbitzura jota: 943-25 50 06 edo hezkuntza@azpeitia.eus. Ikastaroaren inguruko informazioa gehiago nahi duenak ere Hezkuntza Zerbitzura jo dezake.