Sansebastianak 2023

Entsegu orokorren aurretik, zuzendarien txanda

Andoni Elduaien 2023ko urt. 12a, 19:29
Haurren danborradako zuzendariak, Frantzesenarekin abestiak entseatzen. (Argazkiak: Aitziber Arzallus)

Gaur, osteguna, Dinamoan egin dute haurren danborradako taldeak zuzentzen aterako diren zuzendariek entsegua. Haurren danborradarako lehen entsegua, berriz, datorren astelehenean, hilak 16, egingo dute Izarraitz pilotalekuan, 16:00etan hasita.

San Sebastian eguneko haurren danborradako taldeak gidatzen aterako diren zuzendariak hasi dira dagoeneko entseguak egiten. Gabonetan hasi ziren zuzendari gaztetxoenak lehen entseguekin, eta gaur, osteguna, egin dute horietako bat Dinamoan. Udal Musika Bandako zuzendari Unai Frantzesena lagun zutela, haien lokalean elkartu dira umeen danborradan aterako diren talde guztietako zuzendari nagusiak eta zuzendari txikiak sansebastianetako doinuak ikasten.

Egunak besterik ez dira falta San Sebastian jaietarako, eta dagoeneko jarrita dituzte haurren nahiz helduen danborradetarako entseguen datak. Haurrek hilaren 16an, astelehenez, egingo dute aurrena, eta hilaren 17an eta 18an hurrengoak. Umeek 16:00etan hasita egingo dituzte entseguak, Izarraitz pilotalekuan. Helduek, berriz, gaur, asteartean eta asteazkenean Izarraitzen egingo dituzte sansebastianetan egingo dituzten danborradetarako entseguak, 21:00etan hasita.