Aitatasunaren inguruko tailerra antolatu du udalak

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 12a, 11:00

Lau saioko ikastaroa izango da, otsailean eta martxoan izango dira saioak eta On:Giz elkarteko Mikel Arakisek gidatuko ditu. Parte hartu nahi dutenek Azpeitiko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuan eman beharko dute izena urtarrilaren 29a baino lehen.

Aitatasunaren inguruan hausnartzeko helburuarekin, otsailerako eta martxorako lau saioko ikastaroa antolatu du Azpeitiko Udalak. On:Giz elkarteko Mikel Arakisek gidatuko ditu saioak eta, batez ere, hiru gai jorratuko dituzte: prozesu pertsonala aitatasun eta maskulinitatean; taldekideen artean gertuko eta konfiantzazko harremanak eratzea; eta familia eta gizartearekiko duten erantzukizun eta aukeren jabe izatea.

Saioak otsailaren 1ean eta 15ean eta martxoaren 1ean eta 15ean izango dira, 18:00etatik 20:00etara, Basazabal formazio zentroan, eta aitei zuzendutakoak izango dira, batez ere 0-6 urte bitarteko haurrak dituztenei.

Ikastaroan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea Azpeitiko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuan, 943-255006 telefonora deituta edo hezkuntza@azpeitia.eus helbidera idatzita. Urtarrilaren 29a izango horretarako azken eguna, baina komenigarria da izena lehenbailehen ematea, toki kopurua mugatuta egongo delako eta taldea izen-emate hurrenkeraren arabera osatuko delako.