Hantxe bertan

Markel Etxeberria: "Azpeitiko herri giroa ekarriko nuke hona"

Maialen Etxaniz 2023ko urt. 24a, 18:05
Markel Etxeberria, familiarekin. (Utzitakoa)

Maitasun kontuak tarteko, duela zazpi urte joan zen Markel Etxeberria (Azpeitia, 1990) Tenerifera (Kanariak, Espainia). Han bizi da gaur egun, eta bertan eraiki du bizitza. Dena den, argi dauka azpeitiarra dela eta hala izango dela beti. Hori dela eta, ahal duen guztietan etortzen da herrira, familiakoekin eta lagunekin egotera. 2023ko urtarrileko Uztarria aldizkariko Hantxe bertan ataleko elkarrizketa da hau.

Nolatan iritsi zinen Azpeititik Tenerifera?

Duela zazpi urte etorri nintzen hona, bikotekidea tarteko; izan ere, Gasteizen Ingeles Filologia ikasten ari nintzela ezagutu nuen gaur egun nire emaztea dena. Hura Kanarietakoa da. Hasiera baten, ezagutu eta aurreneko urteetan, Euskal Herrian egon ginen bizitzen, Gasteiz eta Azpeitia artean. Baina urte gutxiren buruan, nire bikotekidea Tenerifera itzuli zen, lana tarteko. Ikasketak amaitu nituenean, Tenerifen master bat egitea erabaki nuen, eta orduan iritsi nintzen hona. Orduz geroztik, hemen bizi naiz. Gaur egun, San Cristobal de La Lagunan bizi gara, Santa Cruz hiriburuaren ondoan.

Horko bizimodura egokitzea asko kostatu al zitzaizun?

Hasieran beti da zaila edonora egokitzea. Hala ere, banuen abantaila bat: ondoan banuen babesa emango zidan pertsona bat. Egia esan, ez zitzaidan ikaragarri kostatu aldaketara egokitzea. Agian, nire izateko era ere izango da, auskalo.

Asko aldatu al da zure bizimodua sorterritik kanpo bizi zarenetik?

Bai. Azpeitian bizi nintzenean, bertan zegoen gurasoen etxea, betiko kuadrilla, herriko lagunak, familia... Bizitza osoa –25 urtera arte egon nintzen herrian– neukan Azpeitian, eta denbora motzean lekuz aldatzean, dena izan zen berria. Hala ere, gauza asko ikasi nituen esperientzia hartatik ere.

Nolakoa da zure egunerokoa La Lagunan?

Ingeleseko irakaslea naiz Lehen Hezkuntzan, La Lagunatik ordu erdira dagoen zentro batean. Astelehenetik ostiralera goizez egiten dut lan, 14:00ak arte, eta arratsaldeetan etxera joaten naiz. Gaur egun, bi ume txiki ditugu, eta haiekin jolasean-eta ibiltzen naiz. Pasiera batzuk ere egiten ditugu. Asteburuetan, aldiz, askotariko planak egitea atsegin dut. Orain, gainera, futbolean jokatzen hasi naiz berriro.

Zer gustatzen zaizu hortik gehien, eta zer gutxien?

Bizi garen irla txikia da, baina dena dugu eskura. La Laguna hiri handi samarra da, eta autoa hartuta, dena dugu eskuragarri bost-hamar minututan. Hondartza ere bertan dago. Azpeitiarekin alderatuta, alde nabarmena dago horretan, hemen denetarik baitago eskuragarri. Aldi berean, gutxien gustatzen zaidana ia edozertarako autoa hartu behar dela da. Herrigunea urrun gelditzen da, eta edozertarako hartu behar da autoa. Azpeitian, esaterako, oinez edo bizikletan mugitzen nintzen edonora joateko, eta horretan badago aldea, bai.

Zeren falta sumatzen duzu gehien Euskal Herritik?

Maite dudan jendea eta gure kultura. Parrandak, herriko festak, kuadrilla giroa, poteoa, euskaraz hitz egitea... Ez dakit, berezi egiten gaituen guztia.

Zer ekarriko zenuke hortik Azpeitira? Eta zer eramango zenuke hemendik horra?

Agian, ez naiz oso originala izango, baina hemengo eguraldia eramango nuke horra. Dena den, une oro eguraldi ona egitea ere ez da atsegingarria, zenbaitetan hotza egitea ere nahi izaten dut. Euskal Herriko klimak, ordea, ez du asko laguntzen askotan. Zenbat plan izorratzen dituen euriak... Beraz, eguraldia eramango nuke Kanarietatik Azpeitira. Eta handik herri giro sanoa ekarriko nuke hona, zalantzarik gabe: kaleko giroa, poteorako ohitura, eta, noski, lagunak eta familia.

Tarteka egingo dituzu bisitaren batzuk Azpeitira, ezta?

Askotan joaten naiz herrira. Azken urteetan, pandemia tarteko, ez da erraza izan, baina, bestela, sarritan joaten naiz; udan, beti, baita Gabonetan ere. Urtean hiru-lau-bost aldiz joaten naiz, ahal dudan guztietan, alegia. Familiarekin egoteko aprobetxatzen dut, gurasoekin, anaiarekin, ilobekin eta lagunekin. Azpeitira itzultzean beti esaten dut ezer ez dela aldatu dirudiela, denak berdin jarraitzen duela eta dena ondo dagoela; izan ere, hor daude lagunak, betiko jendea, betiko giroa, etxean bezala sentitzea... Ederra da hori.