Pentsiodunek mokadutxoarekin gogoratuko dute astelehenean mobilizazioen bosgarren urteurrena

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 13a, 08:43
Azpeitiko jubilatuen eta pentsiodunen elkarretaratzea, joan den irailaren 5ean. (Maialen Etxaniz)

12:00etan ohiko elkarretaratzea egin ondoren, elkartutakoek pintxoak dastatzeko aukera izango dute Azoka Plazan.

Bost urte bete dira Hego Euskal Herriko pentsiodunak eta jubilatuak pentsio duinen alde mobilizatzen hasi zirenetik. Bost urteko borroka hori gogoan, aldarrikapenak berritzearekin bat ekitaldiak iragarri dituzte datorren asterako herriz herri, eta Azpeitira ere iritsiko dira horiek.

Horrela, Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformak deitutako asteleheneroko elkarretaratzearen ondoren, elkartutako guztiek mokadutxoa egiteko aukera izango dute Azoka Plazan datorren astelehenean, hilaren 16an. Ohi bezala, 12:00etan hasiko da elkarretaratzea Azoka Plazaren atarian.