Ekainerako eta irailerako bidaia bana antolatu du Baigerak

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 10a, 09:15

Ekainaren 16tik 25era Greziara joango dira, eta irailaren 1etik 6ra, Parisera. Dagoeneko zabalik da bidaietarako izena emateko epea, eta interesa dutenek Azpeitiko Halcon bidaia agentziarekin jarri beharko dute harremanetan. Granadara eta Cordobara udaberrian egingo duten bidaiarako, berriz, bi leku gelditzen direla jakinarazi dute.

Urtea hastearekin batera, aurten egingo dituzten bi bidaiaren berri eman du Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak: ekainaren 16tik 25era Greziara egingo dutena da bata, eta irailaren 1etik 6ra Parisera egingo dutena, bestea.

Ekainean, hamar eguneko bidaian, Atenas hiriburua ez ezik, herrialdeko leku esanguratsuenak bisitatzeko aukera izango dute bidaiariek: Esparta, Mesenia, Olinpia eta abar. Horrez gain, Hydra, Poros eta Aegina uharteetan barrena egun bateko itsas bidaia ere egingo dute.

Irailean, berriz, Parisera egingo dute sei eguneko bidaia. Autobusez egingo dute bidaia, tartean Bordelen, Toursen, Chenonceaun eta Bloisen geldialdiak eginda, eta behin Frantziako hiriburuan, Eiffel dorrea, Versalles, Louvre museoa eta beste hainbat toki ezagutuko dituzte, eta baita Sena ibaian barrena itsas bidaia egin ere.

Bi bidai horietakoren bat egiteko interesa dutenek Azpeitiko Halcon bidaia agentziarekin jarri beharko dute harremanetan. Bestalde, Granadara eta Cordobara udaberrian egingo duten bidaiarako bi leku gelditzen direla jakinarazi dute, eta bidaia horretan parte hartu nahi dutenek ere Halcon bidaia agentziara jo beharko dute.