Sansebastianak 2023

'Batasuna' kanta gehituko dute aurten helduen danborradetako errepertoriora

Kris Fernandez 2023ko urt. 9a, 11:09

Pantxoa eta Peioren abestia joko dute San Sebastian bezperako eta San Sebastian eguneko bandera jaitsierako danborradetan. Bi egunetan plazan joko duten azken doinua izango da.

Beste kanta bat izango du helduen danborradako errepertorioak: Batasuna. Danborradak eta Pantxoak eta Peiok izatez loturarik ez duten arren, aurtengo San Sebastian jaietako berrikuntza nagusia izango da Ipar Euskal Herriko bikotearen abestia.

San Sebastian bezperako eta banderaren jaitsierako danborradetan joko dute kanta; bi egunetan danborradak plazan direla entzungo den azken kanta izango da. Baina nondik sortu da kantu hori danborradan txertatzeko ideia? Mikel Odriozola Festa batzordeburuak aurreratu duenez, aspaldi sortu zen ideia, sansebastianen harira egiten diren bileren bueltan. "Bileren osteko afari edo poteoetan, azkenean, lagunartea sortzen da, eta asko hitz egiten dugu danborradaz. Donostiako danborrada ere izan ohi dugu hizpide, eta askotan aipatu izan dugu zeinen ederra izaten den Konstituzio plazan kanta herrikoiak jotzen dituzten unea. Elkarrizketa horietan, beti atera izan da Batasuna kanta Azpeitian entzutea polita izango litzatekeela", esan du.

Gaia, ordea, inoiz ez zen mahai gainean jarri bilera ofizialetan, 2021. urtera arte. "Pandemiaren ondoren, danborradaren prestaketak hasi zirenean, Batasuna abestia jotzeko proposamena egin zen berriro. Danborradako taldeek ontzat eman zuten proposamena, eta aurrera egitea erabaki zen. Tamalez, iaz ez zen danborradarik izan, eta, beraz, aurten jotzea erabaki da", adierazi du zinegotziak.

Erabakia hartuta, abestia danborrentzat eta barrikentzat prestatzeko eskatu zioten Unai Frantsesena Udal Musika Bandaren zuzendariari. "Juan Jose Arakistain Pino zenak nahiko garbi zuen nola bereizi behar ziren danborrak eta barrikak; askotan azaldu zuen. Zortez, gogoratzen nuen hark azaldutakoa, eta horren gainean egin nituen abestiaren prestaketak. Lehenbiziko eredua zertxobait zaila iruditu zitzaien erakutsi nien taldekideei, eta, beraz, errazten saiatu nintzen ondoren", azaldu du Frantsesenak.

Helduen danborradako 30 taldeetako zuzendariek ez dute entsegu berezirik egingo abesti berria ikasteko. "Danborrak nahiz barrikak nola jo behar diren erakusten duen bideoa zabaldu genuen, eta hortik erraz ikas daiteke. Gainera, ez da abesti zaila", erantsi du bandako zuzendariak. Hori eginda, moldaketak egitea egokitu zitzaion Frantsesenari, abestia Udal Musika Bandak jo ahal izateko. "Bandako instrumentu bakoitzak zer jo behar duen esatea da moldaketa egitea. Gabonetako oporren bueltan hasi ginen abestia prestatzen eta entseatzen, eta musika banda prest dago abestia urtarrilaren 19an jotzeko", adierazi du.

Erlazionatuak