Oihana Orbegozo, Eneritz Arrieta eta Naroa Agirre pilotariek zabalduko dute txotx denboraldia Añotan

Ane Olaizola 2023ko urt. 7a, 15:57
Añotako txotx irekiera, 2020an.

Datorren larunbatean, hilaren 14an, irekiko dute txotxa Azpeitiko sagardotegian, eta Ados elkarteko pilotariak izango dira protagonistak. Trikitilariek zein bertsolariek ere ez dute hutsik egingo. Sagardotegiaren denboraldi hasierako bazkarira joan nahi duenak aurrez eman dezake izena. 

Datorren asteazkenean, hilaren 11n, hasiko da txotx garaia sagardotegietan, eta Añotan larunbatean ekingo diote aurtengo denboraldiari, 13:30ean. Horretarako, bazkari-jaia prestatu dute egun horretarako, eta aurten, Ados elkarteko kide Oihana Orbegozo, Eneritz Arrieta eta Naroa Agirre pilotariak izango dira irekiera ekitaldiko gonbidatuak zein protagonistak. Ohi bezala, ez da trikiti doinurik faltako sagardotegian, eta Laja eta Lutxurdio arituko dira hura girotzen. Loidisaletxe II.a eta Xebastian Lizaso, berriz, bertsotan arituko dira. 

Txotx irekieraren bazkarira joan nahi duenak erreserba egin eta izena eman dezake Añotako 943-81 20 92 telefono zenbakira deituta.