EAko idazkaritzak gezurtatu egin ditu Letamendiaren adierazpenak

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 5a, 09:45

Azpeitiko EAren eta EAko zuzendaritzarekiko kritiko diren hainbat kideren Twitter kontuak itxi dituztela salatu zuten atzo, eta itxieraren atzean alderdiko idazkari nagusiaren gertukoak egon daitezkeela iradoki zuten Aitor Letamendia EAren Azpeitiko koordinatzaileak eta beste zenbaitek. EAko idazkaritzaren esanetan, ordea, gezurra esan du Letamendiak, Azpeitiko EAren Twitter kontua martxoan desgaitu zutelako, eta "fede txarrez eta gauzak nahastu nahian" aritzea egotzi dio azpeitiarrari.

Aitor Letamendia EAren Azpeitiko koordinatzaileak eta beste hainbatek salatu dute Azpeitiko EAri eta EAko zuzendaritzarekiko kritiko diren beste zenbait kideri Twitter kontuak itxi dizkietela, kontuak ixte horren atzean Eba Blanco alderdiko idazkari nagusiaren gertukoren bat egon litekeela iradokiz. EAk, baina, gezurtatu egin ditu salaketa horiek eta Letamendiaren esanak, eta "zuzen ez jokatzea eta gauzak nahastu nahi izatea" egotzi dizkio Azpeitiko EAren Twitter kontuaren kudeatzaileari, "Aitor Letamendia bera seguruenik".

EAko idazkaritzak baieztatu du inork ez diola ezer esan Azpeitiko EAren Twitter kontuaren itxieraren inguruan; "hau da, sarean egin dute itxieraren salaketa, baina alderdi barruan ez da jakinarazpenik jaso, fede txarra nabarian geldituz". Idazkaritzak ziurtatu du ikerketa egin duela, "eta baieztatu dezakegu esaten dutena ez dela zuzena". Izan ere, EAko idazkaritzaren arabera, "Twitterrek ez du orain itxi Azpeitiko EAren kontua; kontua 2022ko martxoan desagaitu zuen". Hori frogatzeko, honako dokumentua helarazi dio Uztarriari. "Hor ikus daiteke kontu horretatik egin zen azkenengo argitalpena 2022ko martxoan izan zela, eta horrek argi erakusten du Twitterreko kontu horren kudeatzailea ez dela zuzen jokatzen ari, ez dela egia esaten ari eta gauzak nahastu nahi dituela".

Idazkaritzak adierazi duenez, "Azpeitiko Twitter kontua kudeatzen zuen pertsonari, Aitor Letamendia bera seguruenik, bere momentuan Twitterren jakinarazpen bat helduko zitzaion mezu elektroniko baten bitartez, eta hor ikusi ahal izango litzateke kontuaren itxiera noiz gertatu zen eta zergatik". Horiek horrela, atzo egindako salaketa frogatzeko eskatu dio Letamendiari.

Erlazionatuak